GARA
GASTEIZ

Osasun mentalean eragindako kaltea, aztergai Parlamentuan

EH Bilduk koronabirusaren pandemiak herritarren osasun mentalean izan duen eragina aztertzea eta diagnostiko bat egitea proposatuko du bihar Gasteizko Legebiltzarraren osoko bilkuran. «Agerikoa da pandemiak inpaktu zuzena izan duela, izaten ari dela eta izango duela herritarren osasun emozional zein mentalean, eta inpaktu hori bortitza izaten ari da kasu askotan, Osasun Sailak berak emandako datuek erakusten dutenez», azaldu zuen atzo Maria Garde legebiltzarkideak.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian, «diagnostiko zabal eta sakona» galdegin zuen Gardek, «alorreko eragile eta profesionalen eskutik, eta berariazko egoera eta kolektiboak kontuan hartuta». Gaineratu zuenez, «egoeraren argazki ona izatea» ezinbestekoa izango da «gure osasun sistema egokitu ahal izateko, neurriak hartzeko, tamainako erantzuna emateko».

EH Bilduren aburuz, diagnostikoa «are premiazkoagoa da kontuan hartuta udazkenean Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege Proiektua aurkeztuko duela, eta «lege horrek, besteak beste, Osasun Mentala indartzeko» balio behar duela irizten dio.

Gardek adierazi zuenez, «egoera oso larria eta kezkagarria» da esparru honetan, eta adibide gisa nabarmendu zuen 2020an suizidioek %27 egin zutela gora eta 187 lagunek bere buruaz beste egin zutela Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, azken lau urteetako zifrarik altuena. «Gurean bi egunetik behin pertsona bat suizidatzen da», azaldu zuen, eta gaineratu 2019tik 2020ra bitartean Osasun Mentaleko kontsultek ere gora egin zutela: ia %13 gehiago. «Profesional askok ohartarazi dute haurren eta gazteen kasuan gainezka egon direla larrialdiak, unitateak eta zerbitzuak», azpimarratu zuen Gardek, horrek guztiak ez duela Osakidetzak ematen duen erantzuna indartzea ekarri deitoratuz. «Datu ofizialen arabera, azkenengo hamarkadan Osasun Mentalak pisua galdu du osasungintzako aurrekontuetan; %10 egin du behera Osasun Sailak Osasun Mentalari bideratzen dion aurrekontuaren portzentajeak», kritikatu zuen.