Amaia EREÑAGA
DONOSTIA

Zinemaldiko interpretazio sarietan, generoen arteko bereizketari agur

Agur gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorrei, Zinemaldiaren hurrengo edizioan ez baita genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan. Aurrerantzean, Interpretazio Nagusia eta Taldeko Interpretazioa sarituko dira soilik. Asmo-adierazpen kementsu eta apurtzaile horrekin dator irailaren 17tik 25era egingo den jaialdiaren 69. edizioa, pandemia garaiotako bigarrena. Ez da ohiko Zinemaldia izango, baina bidean da.

Berlinalek irekitako bideari eutsi dio Donostiako Zinemaldiak, irailean hasiko den edizio berrian aldaketa garrantzitsu bat egingo baitu; alegia, ez da genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan. Irailaren 17tik 25era egingo den 69. edizioko kartelen aurkezpenean egin zuen atzo iragarpena Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak. «Aldaketa garaia» delako. Joxean Fernandez Zuzendaritza Batzordeko kidearekin aurkeztu zuen ekitaldia Tabakaleran, eta, bertan, jaialdia bere buruari buruzko gogoetan murgilduta dagoela iragarri zuten. Bide horretan, aurki Zinemaldiaren errentagarritasun sozial eta ekonomikoaren inguruko txostena argitaratuko dute.

«Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politiko bat– antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, eta horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlineko zinema jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik. Aldaketa garaia da, erabakiak hartzeko unea. Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko», azaldu zuen Rebordinosek.

Glamourra itzuliko al da?

Aurten normaltasunaren bidean gaudela dirudien arren, oraindik pandemiaren mamua hor dago. «Ohiko edizioetatik hurbilago egotea espero dugu», aipatu zuen; beraz, «baikortasuna eta ilusioa» berreskuratzen saiatuko dira. Pandemiaren bilakaera nolakoa den, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizioa. Hori bai, iaz bezala, aurten ere ezingo da belodromoa erabili areto erraldoi gisa, eta ez da ez inaugurazioko ez itxierako festarik egongo.

Berreskuratu egingo dira 2020an zintzilikatuta gelditu zen Koreako zinemaren urrezko aroaren inguruko atzera begirakoa, hasieran aurreikusitakoak baino titulu gutxiagorekin, eta Klasikoak saila. Gainera, Nestek, zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketak, hogei urte beteko ditu eta jarduera programa berezi bat izango du. Emanaldi gehiago izango direla eta gehieneko edukiera handituko dela espero da, eta «baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratuko dela ere –aipatu zuen–. Azken batean, nahiko genuke aurtengoa, pertsona askorentzako kezka eta sufrimendu handiko urte luze baten ostean, berriz hirira ilusioa ekarriko duen Zinemaldia izatea».

Rebordinosek ez zituen aurreratu nahi izan aurten ikusiko ditugun filmen tituluak, gehienak lotuta dituztela esan zuen arren, baina atzo jakin genuen zeintzuk izango diren 69. edizio berezi honetako kartelak; hau da, zein kartel bihurtuko diren gure kaleetako ikono. Horrela jakin genuen aurten Sigourney Weaver aktorea izango dela kartel ofizialaren protagonista.

Eva Villar Estudioak diseinatu du kartela, eta Juan Ugalde artista bilbotarraren “pop ukitua” du: zuri-beltzezko argazkia brotxakada koloristekin apaindu dute, «poztasuna islatu nahi genuelako» diseinatzailearen hitzetan. Kartelak egiterakoan erabakigarria izan da gaur egungo pandemia testuingurua; izan ere, hori dela eta, «benetako balioetan, herritarren bizitzan giza presentziak eta kulturak duen balioan» jarri dute fokua.

Ripley tenientea

2018an, ildo grafiko berri bat hasi zuen Zinemaldiak karteletan: argazkia eta ilustrazioa konbinatzen dituzte eta nazioarteko zinematografiako pertsonaia garrantzitsuak hartzen dituzte protagonistatzat. Isabelle Huppert, Penelope Cruz eta Willem Dafoeren ondoren, Sigourney Weaver aukeratu dute aurten.

Weaverrek zineman egin egin zuen lehen filmaren eskutik, “Alien” (1979), bisitatu zuen estreinakoz Donostia. Film horrek bilakatu zuen ospetsu Ripley tenientearen pertsonaia ahaztezinari esker. Zinemaldian ez zuen saririk jaso, dena den; ez zuten sari bat bera ere irabazi.

Harrezkero, beste bitan izan da Donostian Weaver. Jada nazioarteko izar bilakatuta, Sail Ofizialean aurkeztu zituen “A Map of The World” (1999) eta “A Monster Calls” (2016). Azken bisita horretan, Donostia saria jaso zuen ibilbide osoaren aintzatespen gisa. «Liluratzen gaitu, aktore bezala asko maite dugu, eta maite dugu ere pertsona bezala eta bizitzaren aurrean duen jarreragatik. Berehala eman zigun baiezkoa. Donostiatik pozik joan zela ere bagenekien», esan zuen Rebordinosek. Aurten ez du Donostiara etortzerik izango, data horietan film bat grabatzen arituko delako, baina batek daki... garaiotan gauzak egun batetik besterik aldatzen dira-eta.