J.O.
PILOTA

Promozioko finala jokatu duen Beñat Garmendia, Aspetik kanpo

Frontoietan nolabaiteko normaltasuna gertuago dagoen arren, enpresek euren egiturak egoera berrira moldatzen jarraitzen dute eta, pasa den igandean Bilbon Pedro Ruizen agurra eman bazen, igande honetan Beñat Garmendia izango da Asperekin bere profesionaletako azken partida jokatuko duena. Donostian izango da, Victor lagun duela, Alberdi-Larunberen aurka.

24 urterekin, maila nagusian bi urte eta erdiz baino aritu ez dela, etorri zaio profesionalei agur esateko ordua. Azkenaldian lortutako emaitza onek ere ez diote balio izan kontratua luzatzeko, gogoratu beharra baitago aurten bertan Promozio mailako binakako finala jokatu duela, Aitor Elordi lagun, Alberdi eta Salaverriren aurka 22-11 galduta.

Beasaindarraren agurraren ostean, Aspek 19 pilotariko –9 atzelari– taldea baino ez du izango, aspaldiko txikiena.

Larunbatean, Leitzan

Publikoaren itzuleraren ostean –atzo jarri zituzten sarrerak salgai Internet bidez–, aldaketak izan dira karteldegian. Larunbaterako Nafarroako Lau eta Erdiko bi partida –Bengoetxea VI.a/Asier Agirre eta Laso/Peña II.a– Larrabetzun zeuden iragarrita, baina azkenean Leitzako jokatuko dira.