GARA
IRUN

Irungo Udalaren helegitea euskararen aurkako epaiari

Irungo Udalak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean emandako epaiaren aurka: Irungo udaltzain izateko 12 lanposturen deialdian euskaraz jakiteko betekizuna baliogabetu zuen.

Irungo Udalak helegitea aurkeztu zuen, atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak joan den maiatzean argitaratuko epaiaren aurka. Ika-mika handia piztu zuen erabaki judizial horrek baliogabe utzi zuen udal horren lan-deialdi bat: zehazki, udaltzain izateko hamabi lanpostu betetzeko deialdia, euskaraz jakitea baldintzetako bat zuena.

Hil honen hasieran Udalak berak jakinarazi zuen helegitea jartzeko aukera aztertzen ari zela, eta atzo prentsa ohar labur bat eman zuen argitara, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoan helegitea aurkeztu duela iragarriz.

Azaldu zuenez, «kasazio-errekurtsoa aurkezteko behar den» dokumentazio osoa mahairatu du bi ildotan: «Autonomikoa eta Estatukoa». «Orain, Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki behar du helegitea tramitera onartu edo ez, errekurtsoak haren aurrean eta Auzitegi Gorenaren aurrean bidea egin dezan», zehaztu zuen Udalak.

Joan den maiatzaren 12an jakitera emandako epaian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen hamabi udaltzain lanpostu betetzeko prozesuaren oinarri arautzaileak onetsi zituen 2017ko abenduaren 19ko 2.566 ebazpenaren VIII. puntua. Epaimahaiak, erabaki hori argudiatzeko orduan, adierazi zuen «ez dela beharrezkoa» eragile guztiek «euskara ezagutzea herritarrek Administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanak izateko duten eskubidea bermatzeko». Eta euskara jakin beharra hizkuntza nazionala ez dakiten balizko hautagaiekiko «diskriminatzailea» dela ondorioztatu zuen.

Ebazpenak polemika handia piztu zuen. Euskalgintzaren Kontseiluak handik bost egunera prentsaurrekoa eman zuen, oinarri juridikorik ez duela eta «erabaki politikoa» dela adierazteko. Egoeraren larria ikusita, «batasunaren bidetik» eta «elkarrekin» erantzuteko deia egin zuen: halaxe, Bilbon protesta antolatu zuen maiatzaren 22an.

Ekainaren 3an Gasteizko Legebiltzarreko EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU izan ziren adierazpen bateratua kaleratu zutenak, epaiak «sektore publikoan euskararen normalizazioaren marko juridikoa zalantzan jar» dezakeela ohartarazita.