Asier AIESTARAN
PILOTA

Altunak eta Ezkurdiak asko kostata egin dute aurrera

Hala ere, elkarren aurka jokatuko dute berriz Asperen finala Nafarroako kaiolan.

Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia izango dira aurten ere Aspeko adarraren bi finalistak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan. Faborito argiak izan arren, biei kosta egin zitzaien final horretarako sailkapena lortzea, nahiz eta bizi izan zituzten egoerak desberdinak izan.

Jokin Altunari dagokionez, ikaragarri sufritu behar izan zuen Iker Salaberria menderatzeko. Denbora luzez kantxa osoko buruz burukoan entrenatzen ibili ondoren, amezketarrari asko kostatu zitzaion kaiolako neurrietara egokitzea eta neurketaren lehen zatian oso deseroso jokatu zuen.

Iker Salaberria, aldiz, lotsagabe irten zen kantxara eta sakearekin asko asmatuz markagailuan aurrea hartzea lortu zuen hasieratik. Abantaila horrek are eta ausartago jokatzera eraman zuen goizuetarra eta, zer galdurik gabe, 6-15 aurreratu zen markagailuan, aspaldiko partez berriz entzuten diren apustuak bere alde ipintzeraino.

Altuna ezinean ibili zen ordura arte, normalean galtzen ez dituen pilotak galduz eta bere buruarekin haserre. Baina pentsatzekoa zen moduan, apur bat lasaitu eta bere jokoa egiten hasi zenean egoera errotik aldatu zen. Sakearekin konfiantza apur bat hartu zuenean min egiten hasi zen eta sake-errematean tanto asko egin zituen neurketaren bigarren zatian.

Beste kanporaketan, Joseba Ezkurdia izan zen lan asko egin behar izan zuena Peio Etxeberria menderatzeko. Eta ez zuen ematen hala izango zenik arbizuarra markagailuan 13-3 aurreratu zenean. Lehen zati horretan Josebari dena ongi atera zitzaion eta Peio Etxeberria oso oker ibili zen, pilota asko galduz.

Zorte txarra ere izan zuen zenoztarrak tanto askotan, jokaldi onak egin arren pilota txapara joan zitzaiolako behin baino gehiagotan. Adibide moduan, bera bezalako errematatzaile bat jokoan tantorik egin gabe zegoen 11-3kora arte.

Hortik aurrera, ordea, askoz zuzenago aritu zen Etxeberria eta ikuskizunak asko irabazi zuen. Apurka-apurka emaitza estutzen joan zen eta seguruenik Ezkurdiaren garaipena arriskuan egon ez zen arren, emozio apur bat izan zuen neurketak eta Etxeberria beste sentsazio batekin joan zen etxera.