Asier AIESTARAN

Gabirondo irabazle, baita herri kirolak ere

Julen Gabirondo alde handiarekin nagusitu zen larunbat arratsaldean Leitzan Xabier Zalduaren aurka jokatu zuen desafioan. Lege zaharreko apustua izan zen, aspaldian ikusten ez zen horietakoa: aizkoran 20 kana-erdiko moztu behar eta ondoren segan bi ordu bete arte jo eta su aritu. Urnietarrak, nagusiki segalaria izan arren, aizkoran ere sekulako maila duela erakutsi zuen eta 12 segundo bakarrik galdu zituen 20 enborrak mozten. Zalduak 54 minutu eta 13 segundoan amaitu zituen aizkorako lanak eta Gabirondok 54 minutu eta 25 segundoan. Ondoren, belarra mozteko garaian, Julen Gabirondok argi utzi zuen punta-puntako segalaria dela. Erritmo bizi-bizian ekin zion lanari eta argi ikusi zen Zalduak baino metro gehiago moztuko zituela. Metro horiek kilotan ere proportzio berean islatu ziren: Gabirondok 3.635,5 kilo moztu zituen eta Xabier Zalduak 2.966,5 kilo. Alde bakoitzak jokoan ipini zituen 6.000 euroak Gabirondorentzat izan ziren, baina ziur hori bezainbeste eskertu zituela gerturatu ziren ehunka zaleen esker on, zorion eta txaloak.