GARA
donapaleu

Brebeta euskaraz aldarrikatzeko 1.000 lagunetik gora bildu dira Donapaleun

Brebeta euskaraz egin ahal izatea eskatzeko Donapaleuko kolegioaren aitzinaldea okupatu ondoren, atzo, irakasle euskaldunek Seaskako Larzabal kolegioko ikasleek euskaraz egin zituzten azterketen fotokopiak zuzendu zituzten. Manifestazioa egin zuten ondotik.

Brebeta azterketa euskaraz osorik egin ahal izatea aldarrikatzeko Donapaleuko kolegioaren aitzinaldea okupatu zuten asteartean Seaskako kideek eta euskaltzaleek. Atzo, aldiz, ekintza sinboliko eta desobediente gisara, Seaskako Larzabaleko kolegioko ikasleek euskaraz egin zituzten azterketen fotokopiak zuzendu zituzten irakasle euskaldunek. Okupazioari bukaera emanez, 18.00etan herrian zehar manifestazio jendetsua egin zuten: 1.000 lagunetik gora bildu ziren.

«Brebeta eta baxoa euskaraz orain» eta «Kasu, kasu, ikastolak kexu» oihukatu zuten ikasleek, irakasleek, familiek eta beraiek sostengatzera hurbildu ziren euskaltzaleek. Hezkuntza Ministro frantsesarentzat ere izan zen lelorik: «Blanquer kanpora, azterketak euskaraz».

Azterketako Zientzietako ikasgaia euskaraz egitea debekatua da, baina desobedientzia ekintza gisara, Seaskako kolegioetako ikasleek euskaraz egin dute, azken urteetan bezala. Orain arte Hezkuntza Akademiak azterketak Pauera edo Bordelera eraman izan ditu zuzentzera, eta aurten ere horrela izanen zela erran eta gero, Donapaleutik hartu eta gero Euskal Herritik kanpora eramatea eragozteko okupatu zuten herriko kolegioaren aitzinaldea.

Okupazioa eta martxa

Okupazioa hasi zen momentuan, asteartean, 200 pertsona bildu ziren, eta geroztik jendea txandakatuz joan zen. Programazio osatu batekin, giro ona izan da egun horietan, nahiz eta jendarmeen bisita izan zuten asteazkenean.

Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko ikasleek euskaraz egin zituzten azterketak Donapaleukoan utzi aitzin, bertako irakasleek horien fotokopiak atera zituzten, nahiz eta berez hori egiteko baimenik ez izan. Atzo goizean, ekintza sinboliko gisara, irakasle euskaldun batzuek fotokopia horiek zuzendu zituzten.

Protokoloak ezartzen duen bezala, ez ziren Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko irakasleak izan zuzentzaileak, baina beste zentroetako maisu eta maistra euskaldunek zuzendu zituzten. Euskaraz egindako azterketak frantsesez zuzenduak izanen direla jakinik, euskaraz zuzenduak izanda lortuko luketen notarekin konparatzeko baliagarriak izanen dira, sinbolikoki bada ere.

Azterketak zuzendu ondotik, milatik gora lagun elkartu ziren kolegioaren aitzinean.

Seaskan azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko ikasturte ekintzailea izan da aurtengoa. Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea lortzeko Azterketak Euskaraz kolektiboa sortu zen, eta honek antolatu ditu aste honetan Donapaleun egin diren ekintzak. Aurten, irakasleak gehitu dira dinamikara, eta horiek ere desobedientzia zibila hartu dute protesta bide gisara.