Goizeder TABERNA
PAUE
DEPARTAMENDU KONTSEILUAK LEGEALDI BERRIARI EKIN DIO

Lasserre zentrista hautatu dute berriz ere presidente

Iragan berri diren bozetan izaniko abstentzio handiari erantzuten entseatuko dela adierazi zuen, atzo, Pauen, departamendu presidente gisa berretsi zuten Jean-Jacques Lasserrek.

Nafarroako Parlamentuan, Pauen, legealdi berriari hasiera emateko bilkura egin zuten atzo. Egun osoz luzatu zen saioa, baina hasi eta berehala Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidentea aurkezteko bozketa egin zuten eta, ezusterik gabe, Jean-Jacques Lasserre zentrista hautatu zuten erakundearen buruzagitzan jarraitzeko.

Bozketa sekretuaren sistema baliatuz, Bidaxuneko ordezkariak 38 boz jaso zituen. Hots, Gehiengo Departamentala hautagaitzak iragan berri diren bozetan lortu zituen kontseilariak bezainbat boto bildu zituen.

Iragarri bezala, presidentetzarako hautagaitza aurkeztu zuen EH Baiko Iker Elizaldek. Annie Povedarekin batera hautagai bikote abertzalea osatzen duen kontseilari hendaiarrak bi boz izan zituen bozketan. Gauche64 taldeak ez zuen finean hautagaitzarik aurkeztu.

Senatari eta eskualde kontseilari ohi Jean-Jacques Lasserre Nafarroako Parlamentura 1982an arribatu zen. 77 urterekin eta duen gehiengo zabala baliatuz, biltzarra 2028. urtera arte gidatu beharko du.

Bere hitzaldian, bukatu berri den hauteskunde kanpainatik hainbat ikaspen atera dituela erran eta lehentasunak finkatu zituen Lasserrek. Azken horien artean etxebizitza, herritarren parte hartzea, ingurumena eta gazteria aipatu zituen.

«Entseatuko gara abstentzioari erantzuten eta biztanleak inplikazioaren bidean ezartzen; jendeak paper bat bete nahi du», adierazi zuen Lasserrek.

Presidentea izendatu ondoren, presidenteorde gisa jardunen duten ordezkariak hautatzeko bozketa heldu zen. Duela sei urte lau presidenteorde hautatu bazituzten ere, aurrekontua orekatzeko beharra aipatuz, atzo hamaika presidenteorde izendatuak izan ziren.

Presidenteordeen bozketan, Baiona-1 kantonamenduko kontseilari eta Angeluko auzapez Claude Olive lehen presidenteorde izendatu zuten, aurreko legealdian bezalaxe. Berarekin batera, Jean-Jacques Lasserreren exekutiboan beste lau euskal ordezkari lehendakariorde izanen dira. Anne-Marie Bruthe, Jean-Pierre Mirande, Annick Trounday eta Christine Lauque izendatu zituzten.

Ekainaren 20 eta 27ko bozen bidez Pirinio Atlantikoetako Kontseilua osatzen duten 54 ordezkari hautatu zituzten boto-emaileek. Horietatik, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko hautesleek hamabi euskal kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituzten 24 kontseilari hautatu zituzten.

Zentro-eskuineko Gehiengo Departamentala izeneko hautagaitza Euskal Herriko hamaika kantonamendutan nagusitu zen bigarren itzulian, 24 jarlekuetatik 22 eskuratuz. Hendaia-Hegoko Euskal Itsasbazterrean, aldiz, Euskal Herria Bairen hautagaitzak boto gehien jasota, bi ordezkari izanen ditu Pauen. PSk sei eserleku atxiki zituen 2015eko bozetan. Denak galdu ditu aurtengo hauteskundeetan.

EH Bai se expresa en euskara y occitano

Iker Elizalde y Annie Poveda asumieron ayer sus cargos al igual que los otros 52 miembros que integran el consejo del Departamento de Pirineos Atlánticos. Elizalde presentó candidatura a la Presidencia y en su alocución se expresó en euskara y occitano, dando señas de la vocación de los dos únicos representantes de la izquierda vasca en esa asamblea de trabajar por el respeto a las identidades que conviven en el departamento. Elizalde abogó, asimismo, por reforzar la demanda de una colectividad de estatus particular para Ipar Euskal Herria y no desaprovechó la oportunidad de solicitar a Jean-Jacques Lasserre que intervenga en favor del uso del euskara en los exámenes, al calor de las ocupaciones y movilizaciones llevadas a cabo estos días en Amikuze. GARA