Iruñe Astitz Larunbe

Ogitartekoak eta Gilda, uda honetako Nafarroako gastronomiaren izarrak

Gastronomiaz hitz egitean, goi mailako elaborazioek edota sari ospetsuek ematen duten aitorpena hartzen da, besteak beste, kontuan. Baina non geratzen dira taberna gehienetako barran zein kartan ohiko diren ogitartekoak? Bada, aurtengo uztail honetan, Nafarroako Bokataren Ibilbideari eta Gildaren Ibilbideari esker, gure gastronomiako bi klasiko horiek dastatzeko aukera izango da Iruñeko eta Nafarroa osoko 24 tabernatan, tartean Herriko Tabernan.

Nafarroako Ostalaritzako Enpresari Txikien Elkarteak (Anapeh) uda honetan Nafarroako gastronomiaz gozatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Reyno Gourmet-ekin batera, eta Nafarroako Gobernuko Turismo departamentuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Uztailaren 15era arte izango da Bokataren Ibilbidearen lehenengo edizioa. Urteetan irauteko asmoa duen ekimen honetan Nafarroa osoko 24 tabernak hartuko dute parte.

Pandemiaren ondorioz ezarritako neurrien malgutzea lagungarri izatea espero dute elkartekoek: «Sektore dinamiko horrek murrizketa gogorrak izan ditu, eta berriro jarri da abian, beti izan dena izaten jarraitzeko, Nafarroako gizartearen funtsezko zati bat baita». Hori dela eta, ostalaritzaren jarduera suspertzeko asmoz jarri dituzte martxan Bokataren Ibilbidea eta Gildaren Ibilbidea.

Nafarroako gastronomia autentikoak eta askotarikoak duen balioa goraipatzea dute helburu. Ekimen gastronomiko hauen inguruko informazio eguneratua lor daiteke IOS zein Android gailuetan erabil daitekeen aplikazioaren bidez zein www.gastrorutasnavarra.com webgunean. Bertan, ibilbide berriak gehitzeaz gain, ekimenean parte hartzen duten tabernei buruzko informazioa eta geolokalizatutako mapa aurkituko ditugu.

Ogitartekoak bertako gastronomiaren parte garrantzitsua dira eta honela dio Bokataren Bidearen leloak: “Gure tabernetako betikoak”. Gastronomiaren baitan ahaztuak izaten direla gogorarazi nahi izan dute elkarteko kideek, «nahiz eta eguneko edozein unetan gehien erabiltzen den aukeretako bat izan. Izan ere, hotzak edo beroak egin daitezke, osagai merkez bete daitezke edo gourmet ukitua eman diezaiekete kalitate goreneko produktuak sartuz».

Bokataren Ibilbidea ez da martxan jarriko duten bakarra. Aurreko urteko arrakastaren ondotik, bigarren urtez, Gilda abuztuko protagonista bihurtu nahi dute. Oliba, piperminak, antxoak eta beste ozpinetako batzuk konbinatzen dituen banderilla enblematikoa da Gilda.

txekor masail ogitartekoa

Bokataren Ibilbidearen baitan, Iruñeko Herriko Taberna eraberrituak bertako osagaiekin prestatutako ogitartekoez gozatzeko aukera eskainiko du. Betiko bokatak goxoak badaude ere, berri hau probatzeko gonbita egin dute Herriko Tabernakoek.

Arratsaldero eta gauero, Nafarroako txekorrez, Irunberriko Azpea ardoz eta Idiazabal gaztaz osatutako ogitartekoa lagunartean dastatzeko parada izango da Iruñeko Karmen kaleko 34. zenbakian.