Adingabeei laguntzeko zerbitzuetan lanpostuak gal daitezkeela salatu dute
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak adingabeei laguntzeko zerbitzu gehienen lizitaziorako baldintza-agiri berria argitaratu du, eskatzen dituzten titulu akademikoak aldatuta. Aldaketa horiekin, 100 langilek postua gal dezaketela ohartarazi du LABek.

Nafarroako adingabeei laguntzeko zerbitzuetako ehun langilek lanpostua gal dezaketela ohartarazi du LABek, Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak zerbitzu horietan eskatuko den titulazioa aldatu duela eta.
Departamentu honek Nafarroan adingabeei laguntzeko zerbitzu gehienen lizitaziorako baldintza-agiri berria argitaratu du, eta horrekin, «bertze behin ere funtsezko zerbitzuak pribatizatzearen aldeko apustua» egin duela salatu zuen atzo sindikatuak.
Hala, eskakizun berriekin hainbat enpresatako ehun langilek baino gehiagok lana gal lezakete hurrengo hilabeteetan, sindikatu abertzalearen arabera.
Egoitza-hezitzailearen kategoriari dagokionez, aurrerantzean gutxienez hezkuntzako eta gizarte laneko unibertsitate graduak eskatu nahi dituzte, bai eta gizarte integrazioko goi mailako lanbide heziketako titulua ere, baldin eta gutxienez bost urteko antzinatasuna badute.
«Irizpide horiek betetzen ez dituen pertsona oro kaleratu ahal izanen dute, eta, gainera, irizpide horiek aurrekari izanen dira hurrengo lizitazioetarako; beraz, kaleratze kopurua handiagoa izan daiteke heldu diren urteetan», esan zuen LABek.
Gainera, zuzeneko arretarako (hezitzaileak eta laguntzaileak), ingelesezko eta frantsesezko B2 titulazioa duten langileak %20 izatea nahi du Chiviteren Exekutiboak. «Baina zer gertatzen da euskararekin? Nahikoa da euskarafobiarekin, erabiltzaile asko ezin baitira beren hizkuntza naturalean artatu, Gobernuak ez baitu eskubide hori aintzat hartu nahi», gaitzetsi zuen.
Gogorarazi zuen, halaber, ados dagoela tituluen gaian «ordena jartzeko asmoan», baina eskakizun horiek «modu transitorioan eta negoziatuan» egin behar direla uste du, dagoeneko lanean ari diren pertsonei kalterik egin gabe eta haien eskubideak errespetatuz.
«Ezin zaie halako tratu txarrik eman; langileek errespetua merezi dute. Ez da ez serioa ez arduratsua lau urtean behin Gobernuak titulazioen irizpideak aldatzea. Ezin da ulertu, halaber, Nafarroako Gobernuak titulazio batzuk bertze batzuen gainetik jartzea, titulazio bakoitzak ahalbidetzen dituen lanbide inguruneei kasurik ez egitea, eta Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren Zaintza eta Interpretaziorako Batzorde Paritarioak arlo horri buruz ematen dituen ebazpenak kontuan ez hartzea», agertu zuen sindikatuak.
LABek dei egin zien langileei antolatzera eta mobilizatzera, «baldintza-agiri horiek kendu eta berriak egin ditzaten», sindikatuek aldarrikatu dituzten parametroen arabera: «Akordio negoziatu eta tenporalizatu batean oinarrituta aplikatzea, modu transitorioan, eta egun lanean ari diren pertsonentzako bermeekin».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
