Iraide IBARRONDO
BARAKALDO
Elkarrizketa
EMILIO DE SANDE FLORES
EGUZKI TABERNA (BARAKALDO)

«Borroka guztietan laguntzeko prest egon gara»

Metroaren irteeratik ehun metro eskasera, berrogei urte daramatza Barakaldoko Eguzki tabernak San Antolin kalea girotzen. Urte hauetan guztietan, ez dira gutxi izan bai bezeroek, bai tabernaren jabe diren De Sande anaiek bizitakoak. Izan ere, Ezkerraldean euskal giroaren erreferente eta arnasgunea izan da taberna denbora horretan guztian.

Barakaldoko Eguzki taberna historia luzea duen taberna da, ezta?

Bai, bai. Aurten berrogei urte bete ditugu eta tira, Barakaldon ziurrenik ez da taberna zaharrena izango, baina bai jabe berek denbora gehien daramatena.

Nola lortzen da hori?

Betiko lana, betiko jendea, betiko giroa... Hemen historia daukagu. Bere garaian intsumisioaren eta amnistiaren borroka ospatzen genuen. Imajinatu duela berrogei urtetik hona bizi izan ditugun gauza guztiak. Egoera eta borroka guztietan laguntzeko prest egon gara.

Nola bermatzen da euskal giroa Barakaldoko taberna batean?

Hori gure izaerarekin lotzen da. Barakaldo oso herri berezia izan da. Hemen sekulako droga eta langabezia arazoak ditugu. Eta jakina, gure sentimendua horrelakoa denez, pil-pilean, denean egon gara sartuta beti. Azkenean, erreferenteak izan gara Barakaldon; lagun batek esan zidan: «Barakaldon egon bazara, eta ez bazara Eguzkin egon, ez zara Barakaldon egon». Hori entzutea oso atsegina da guretzat.

Berrogei urteotan zehar nola aldatu da «pil-pil» hori? Gazteria saltsa honetan sartuta dago?

Zoritxarrez, ikusitakoak ikusita, piloa aldatu da. Gazteak aldatu dira eta egoera aldatu da: bai ekonomikoa eta bai politikoa. Guk betiko lagunak eta bezeroak mantentzen ditugu. Giro gaztea oso gutxi mugitzen da orain.

Orduan, gazteen aldetik inplikazio gutxiago dago?

Bai. Ez dauka zerikusirik lehengo egoerarekin. Nahiz eta arazo asko dauden, jendea ez dago kontzientziatuta. Begira zer gertatzen den pandemiarekin: arauak gero eta gogorragoak... eta jendea ez da mugitzen.

Pandemia aipatu duzula, nola eragin dizue?

Guk terraza daukagunez, eta eskerrak, ondo baino hobeto egin dugu lan. Baina gaueko aisialdia itxita dago, eta badaude beste taberna batzuk terraza jartzeko lekurik ez daukatenak. Zorionez, guk ez daukagu arazorik eguraldi ona dagoenean.

Nolakoa da euskararen egoera bai tabernan eta bai Barakaldon?

Denok dakigu hemen hezkuntza eredua D eredua dela, dena euskaraz. Orduan, nire alabak edo hogei urtetik beherako guztiek badakite euskaraz. Gertatzen dena da, edozein herritan bezala, erosotasunagatik erdaraz hitz egiten dela. Baina jakin, badakite. Hezkuntza sistemari, AEK-ri eta hizkuntza eskolari esker batik bat. Gertatzen dena da kalean ez dela ia nabaritzen.

Nolakoa da zure harremana euskararekiko?

Extremaduran jaioa naiz eta jaioberria nintzela ekarri ninduten Barakaldora. Ez nekien euskaraz. Behin neska laguna eta biok Kubara oporretan joan ginen beste lagun euskaldun batzuekin eta euskaraz ez genekien bakarrak ginen. Bidaia horretan erabaki nuen, gutxienez, tabernan tragoak kobratzeko zenbakiak ikasiko nituela. Euskaltegiko irakasleak gehiago ikasteko animatu ninduen eta urte asko pasatu ditut euskara ikasten.

Zein izan da berrogei urte hauetako momenturik onena?

Bi urte daramatzagu ezer egin gabe birusa dela eta. Baina lehen, taberna aurrean, kalean, Barakaldoko talde onenak batzen genituen kontzertuak emateko. Arrakasta ederra izaten zen. Kaletik ez zegoen ezta pasatzeko modurik ere. Aste batean zehar egunero antolatzen genuen kontzertu bat. Nahiz eta dena antolatzea lan gogorra izan, oso polita eta ederra zen.