Ikusgarriak izan daitezke itsas zabaleko estropadak gaur Orion eta bihar Getxon
Traineruen Euskotren eta Eusko Label ligetako bosgarren eta seigarren jardunaldiak jokatuko dira gaur Orion eta bihar Getxon. Itsas zabaleko bi estropada izango dira eta begiradak talde indartsuenengan ipinita egongo diren arren, aurreko igandean Zierbenan gertatutakoak argi uzten du mota honetako probetan ezin dela inoiz ezustekorik baztertu.
Gaur Orion izango da hitzordua, itsasoko estropada eremuan. Lehia Euskotren Ligako lau ontziekin hasiko da, ohikoa baino apur bat beranduago, 18.10ak aldera. Orain arte lehia oso estua izan dute Oriok eta Donostia Arraun Lagunakek. Sailkapen nagusian 13 punturekin berdinduta daude, eta ontzi bakoitzak bina jardunaldi irabazi ditu. Ikustekoa izango da, beraz, bien arteko lehia horien etxean, nahiz eta ezin den ahaztu iaz Donostiarra nagusitu zela Orioko uretan, eremuko errekorra ezarriz gainera: 10:51.74.
Ondoren hasiko da gizonezkoen proba. Sailkapenari jarraituz, lehen txandan Zarautz, Tiran, Ares eta Lekittarra irtengo dira; bigarrenean Cabo, Ondarroa, Orio eta Bermeo; eta hirugarrenean Donostiarra, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi.
Sailkapen nagusian jada tarte aipagarriak ireki ziren aurreko asteburuan. Santurtzi liderrak, esaterako, sei puntuko aldea du Hondarribia bigarren sailkatuarekiko. Eta Zarautz azken sailkatuari lau puntura jarri zaio jada azken bigarren postua.
Bihar, Getxoko estropaden txanda izango da, betiko ordutegian. Euskotren Ligako lehia 11.40an hasiko da eta ondoren gizonezkoek ekingo diote lanari.
Beste mailak
Beste mailetako estropadak ere badira asteburu honetan. Gaur Zumaian dute hitzordua KAE1 eta ETE ligek. Gizonen estropada 12.00etan hasiko da, eta emakumezkoena 18.00etan. KAE1 Ligak bihar beste estropada bat izango du, 11.30ean Orion, eta KAE2 Ligakoa 11.00etan izango da Portugaleten.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
