bizkaiko kostaldea itsasotik ezagutzeko modu bakarra, eta segurua

Bizkaiko kostaldeko txoko ezkutuak itsasotik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du Gaizka Uriagereka patroiak sortutako Bay of Biscay Sailing proiektuak. Antolatutako bidaietan parte hartuz edo itsasontzia alokatuz, esperientzia paregabea bizi dezakegu uda honetan Bilboko edo Bermeoko portuetatik abiatuta. Eta dena aire zabalean, arriskurik gabe gozatzeko eta mugikortasun-murrizketetatik ihes egiteko.

Pandemiak ondorio asko utzi ditu, baina, batez ere, burua aldatu digu, pentsatzeko modua. Pandemia aurretik itsasontziz egindako bidai bat besterik ez zena, orain zerbait gehiago bihurtu da, askoz ere erakargarriagoa, leku segurua baita, beste edozer baino seguruagoa, aire zabalean arriskurik gabe gozatzeko. Aukera hori eskaintzen duen Bay of Biscay Sailing proiektua hobeto ezagutzeko Gaizka Uriagerekarengana hurbildu gara, asko ikasi eta gero katamaran batean hastea erabaki zuen gazte baten istorioa ezagutzera.

Gaizka patroia da eta 2019ko udatik darama zerbitzu honekin, Bay of Biscay Sailing urtebete lehenago jaio bazen ere. Proiektua ilusioz betea dago eta itsasoarekin lotura du zentzu guztietan.

Horretarako, Haizealaia katamarana erabiltzen du, Bizkaiko kostaldeko txoko guztiak itsasotik ezagutzeko. «Nabigazioaren, euskal gastronomiarik onenaren, ilunabarren eta itsas bizitzaren errespetuaren bidez esperientzia paregabea bizitzeko helburua dauka», dio.

Iazko udan eskaerak asko igo ziren bertako eta estatuko turistei esker. Izan ere, Gaizkak dioenez, bertako turismoak asko erabiltzen ditu aisialdi esperientzia mota hauek. Esperientzia ikaragarria da, lagunekin, bikotearekin edo bakarka disfrutatzeko. Hala eta guztiz ere, Gaizkaren esanetan, ez da bakarrik katamaranean buelta bat ematea eta giroa ikustea. «Bisitatzen edo ikusten diren eraikin, uharte eta eremuen historioa ere ezagutuko dugu patroiaren azalpenen bitartez».

Bizkaia ezagutzeko beste modu bat, azken finean, eta garrantzitsuena: segurua, katamaranak aire librean arriskurik gabe gozatzeko aukera ematen duelako.

Gaztelugatxe, Urdaibai...

Zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu katamaranak, baina funtsean bi motakoak dira: ibilaldi indibidualak eta ontziaren alokairua.

Antolatutako ibilaldi batean parte hartzea erabakitzen badugu, honako bat aukeratu dezakegu: Gaztelugatxe, Izaro uhartea, Elantxobe, Urdaibai, Bilboko itsasadarra edo Getxo.

Bilboko itsasadarretik motordun nabigazioa egitea erabakitzen badugu, Itsasmuseumeko ontziralekutik abiatuko gara eta katamaran ontzian nabigatuko dugu Bilboko Abraraino. Bertan, eguraldiak laguntzen badu, motorrak itzaliko ditugu, isiltasunaz eta inguruneaz gozatzeko. Txakolin botila bat ireki eta pintxo bat dastatzeko momentu paregabea da. 30 minuturen ostean, ibilbidea berrabiaraziko dugu eta Itsasmuseumean amaituko dugu.

Gainontzeko ibilbideak egiteko –Gaztelugatxe, Izaro edota Urdaibai–, irteera Bermeoko portutik egingo da. Ibilbide hauen guztien prezioa 49 eurokoa da pertsonako.

Asteburuko ibilaldiak

Eguneko ibilbideez gain, Bay of Biscay Sailing enpresak asteburuko ibilaldiak ere eskaintzen ditu. Hemen, aukerak asko zabaltzen dira, euskal kostaldean bazter asko baitaude ezagutzeko.

Haizealaiako patroia bezeroaren esanetara egongo da, baina hauxe da egiten duen proposamena: ostiralean arratsaldeko 17etan abiatu Bermeotik Lekeitioko portura nabigatzeko, Izaro uhartetik igarota. Ogoñoko haitz handia eta Lekeitioko Santa Katalina itsasargia zeharkatu ondoren, portuan sartuko gara. Hemen, ontzian bertan edo portuko jatetxe batean afaldu dezakegu lotara joan aurretik.

Larunbat goizean, Donostiarantz nabigatzen hasiko da katamarana eta egunean zehar, snorkela egin ahal izango da, hainbat kala ezagutu, arrantzatu... Igandean, Bermeora itzultzeko nabigazio-egun oso batez gozatuko dugu, Urdaibaiko Biosfera Erreserban barneratuz. Ingurua bisitatzen duten hegazti migratzaileak isilean ikustea esperientzia ikaragarria da.

Asteburuko ibilaldi honen prezioa 1.620 eurokoa da, patroia barne, baina ostiraletik larunbatera kontratatu ezkero, 1.050 eurokoa izango da.

Lagunarteko ospakizunak edo afari erromantikoa eta gaua katamaranean

Ibilaldiez gain, Bay of Biscay sailing enpresak zerbitzu bereziak eskaintzen ditu: lagunarteko afariak, afari erromantikoa eta gaua, ardo-dastaketa ontzian Gaztelugatxe ikusten den bitartean, hegaluze-arrantza edo urpekaritza marrazoekin. Esperientzia hauek 120 eta 650 euro artekoak dira.

Pandemia garaian leku itxietan pertsona askorekin egotea komeni ez denez, Haizealaiak lagunekin soilik egoteko aukera ematen du. Erreserba egiterakoan, patroiak ontzia pantalanera hurbiltzen du eta amarralekuan ainguratuko du. Patroiak afaria zerbitzatuko du eta portuan itxarongo du afaria amaitu arte lehorreko garraioa egiteko.

Zerbitzu honen prezioa 45 eurokoa da pertsona bakoitzeko, hamar laguneko taldea osatuz gero (menua 30 euro eta alokairua 150 euro bi orduko. Ordu gehigarri bakoitza, 30 euro dira).

Bestalde, bikotearekin ospatzeko aukera ere badago. Itsasontzia portuko buietan amarratuta egongo da, intimitate handiagoa izateko; baina nahi izanez gero, nabigazio-denbora bat ere kontrata daiteke.

Patroiak garraio-lanak egingo ditu, afaria zerbitzatuko du eta portuan itxarongo du, edozer gauzatarako telefonoaren zain.

Zerbitzu honen prezioa 230 eurokoa da bikoteko: afaria (hiru plater dastatzeko, postrea, eta bi pertsonentzako ardoa) eta gau bat katamaranean.

Egun erdiko nabigazioarekin, afari erromantikoaz eta gaua ontzian igarotzeaz gain, gosaria eta lau orduko nabigazioa ere posiblea da, 10: 00etatik 14:00etara. Kasu honetan, zerbitzuaren prezioa 650 eurotakoa da.