Idoia ERASO
baiona
MURGILTZE EREDUA

Konstituzioa eta murgiltze eredua elkartzeko txosten polemikoa

Maiatzaren 21ean Estatu frantseseko Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua Konstituzioaren kontrakotzat jo zuenean, Jean Castexek egoerari buruz bi diputaturi txosten bat egitea eskatu zien. Bada, txosten hori asteazkenean helarazi zioten lehen ministroari. Castexek heldu den ikasturtea «ohiko baldintzetan» iraganen dela adierazi du.

Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuak arduratu dira txostena egiteaz, eta hori osatzeko azken hilabeteotan Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen aldeko 60 ordezkarirekin hitzorduak izan dituzte. Idatzia Konstituzioa aldatzearen kontra agertu da, nahiz eta hori den hizkuntzen defendatzaileen aldarrikapen nagusia. Aldi berean, murgiltze eredua mantentzearen alde agertu da, baldintza jakin batzuekin, eta horren kontrako ahotsak altxatu dira.

Castexek, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin batera, heldu den asteetan eragile horiekin harremanetan jarriko dela adierazi du. Aldi berean, honakoa ere baieztatu du: «Ikasturte hasiera betiko baldintzetan gertatu behar da, elkarteen hezkuntza sareetan bezala irakaskuntza publikoan ere».

Txostenean proposatuak diren ideien artean, murgiltze eredua mantentzeko eta «ziurtatzeko» diputatuek «orain arte inoiz zehaztua izan ez dena zehaztea» galdegiten da. Horretarako, eredu hori eskaintzen duten eskola pribatuen eta Hezkuntza Nazionalaren artean kontratuak sinatzea planteatzen da.

Gobernuaren eskutik lege proposamen bat egiteko ideia ere eman dute, legedian murgiltzeari dagozkion zehaztapenak agerrarazteko. Horretarako, «prozedura azkar» bat egitea aipatzen dute, 2022an bukatuko den agintaldia agortu baino lehen egin dadin.

10 eta 11 urteko ikasleen artean ebaluazio berezia egitea ere planteatzen dute, murgiltze eredua eraginkorra dela «era objektiboan» ziurtatzeko: «Orain arte horretan ari diren aktoreek soilik diote efikaza dela».

“Eskualde hizkuntzen hezkuntzaren kontseilu nazionala” sortzea ere planteatu dute. Hezkuntza Ministerioaren zuzendaritzapean egongo litzateke, eta bertan Euskararen Erakunde Publikoaren pareko instituzioak egongo lirateke, baita autoritate akademikoak eta hautetsiak ere. Hezkuntza ministroa murgiltze ereduaren kontrako erasoaren sustatzailea izateak, baina, mesfidantza berezia sortzen du.

 

Mesfidantza hizkuntzen defendatzaileen artean

Estatu frantseseko lehen ministroari emandako txostenak mesfidantza sortu du hizkuntza gutxituen defendatzaileen artean. Seaskak eta Euskal Konfederazioak oraindik ez dute beren iritzia eman nahi izan, baina beste hainbat ahots altxatu dira jada.

Paul Molac diputatu bretoiak agiria kaleratu du “Egiaztapena hor da, proposamenak falta dira” izenburupean, eta, bertan, Konstituzioaren aldaketa beharrezkoa dela berretsi du. Horren alde agertu da ere estatu mailan hizkuntza gutxituen aldeko eragileak biltzen dituen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboa.

Bretainian, halaber, hizkuntzen murgiltze eredua eskaintzen duen Diwan elkarteak gauzak argitzea eskatu du. Seaskaren eta Diwanen pareko eskaintzak egiten dituzten gainontzeko elkarteak biltzen dituen Eskolim sareak ere heldu den egunetan agiri bat kaleratuko duela aurreratu du.I.E.