M. ALDANONDO
ERRENTERIA
Elkarrizketa
IñAKI BARBE
ZAMALBIDE ALBAITARITZA KLINIKA (ERRENTERIA)

«Udan batez ere, ez utzi txakurra kotxean»

Iñaki Barbe albaitariak Zentolen gunean zabaldu zuen duela zazpi urte bere laugarren klinika, Juan de Olazabal kalekoa txiki geratu ondoren. Dozena bat profesionalek lan egiten dute horietan eta egunotan ez zaie lanik falta oporraldia maskota zaintzeko baliatzen dutenei eta kanpora joateko beharrezko neurriak hartu nahi dituztenei erantzuten.

Nola doa uda; lan handiko garaia izaten al da?

Normalean, bai. Udan lan asko izaten da, jendea oporretara joaten denez, desparasitazioak egin, txertoak jarri, kanpora doazenei tokiaren arabera bete behar dituzten baldintzak azaldu... Sumatzen da. Baita estra jaso dutela ere (kar, kar).

Pandemiaren eraginik nabaritu duzue?

Mugak ireki dituztenean, maiatzetik aurrera, sumatu dugu txertaketa gehiago egiten hasi garela. Iaz jaitsi egin zen, jendea ez zelako mugitu. Orain asko ditugu, nire ustez, kanpora joateko aprobetxatzen ari direlako.

Udan zaintza berezirik behar izaten al dute?

Arkakuso gehiago egoten da. Hemen leishmaniarik ez daukagu, Andaluzian, Katalunian, Mediterraneo aldean... toki askotan dagoen moskito mota bat da. Gaitz oso larria eragiten du; berandu atzemanez gero, txakurra hil egin daiteke. Horren aurka txertoa, pipetak edo lepokoak daude.

Norakoaren arabera, beraz, neurri gehigarri batzuk hartu behar dira.

Bai. Denbora asko pasatzen dugu zuzenean galdetzen nora doazen eta azaltzen. Estatuan, orokorrean, amorruaren aurkako txertoa legez derrigorrezkoa da, Galizian, Katalunian eta hemen izan ezik. Une honetan ez dago errabiarik, txertatu egiten delako, baina denok uzten badiogu txertatzeari... Izaten diren kasuak kanpotik etorritakoak dira. Tokiaren arabera amorruarena behintzat jarri behar dute edota echinococcus parasitoaren aurkako pastilla hartzea nahitaezkoa da toki batzuetan, sinatuta eraman behar dute kartilla.

Maskotarekin bidaiatzekotan, zer hartu behar dugu kontuan?

Txakurrek maletategian, garraio kutxan edo eserlekuan gerriko bereziarekin joan behar dute. Horrez gain, geldialdiak egin behar dira, ura eman, tenperatura kontrolatu... Beldurtzen edo zorabiatzen direnentzat pastillak badira. Izaki bat da eta behar normalak ditu.

Eta katuak?

Katuak hobeto doaz garraio kutxan; askok gerrikoarekin eramaten dute, baina uste dut okerrago dela berarentzat. Katuen kasua desberdina da, gutxiagotan eramaten dituztelako bidaian. Gehiago estresatzen dira. Gomendioak eskatu ohi dizkigute eta askotan esaten diegu hobe dela etxean uztea eta norbait joatea janaria eman, ura aldatu eta nola dagoen ikustera.

Beroa arriskutsua izan daiteke maskotentzat?

Bai. Txakurrek ez dute izerdi egiten, gorputzeko tenperatura jaisteko arnasestuka jartzen dira. Ez utzi txakurra kotxean, bere tenperatura kotxekoarekin parekatzen da, igo egiten zaie. Beti gomendatzen dugu ez uztea, baina batez ere udan. Mendira eramanez gero ere bero kolpea izan dezake. Gutxi izaten dira, baina beti pare bat badira artatu behar izaten ditugunak.