villabonako «Pump Track»-a, mendiko bizikleta zaleentzat gozamena

Mendiko bizikleta maite dutenek badute euren afizioaz gozatzeko beste erreferentziazko gune bat, orain Amasa-Villabonako Otsabi parkean. Baina zer da «pump track» bat? Bihurgunez, goragunez eta sakangunez jositako mendiko bizikletentzako zirkuitu itxia da. Bertan, txirrindulari edo «rider»-ak bere pisuaren inertzia aprobetxatuz egiten du aurrera, baina teknika eta trebezia ezinbestekoak dira gero eta zale gehiago dituen diziplina berri horretan.

Adin eta maila guztietako pertsonek praktika dezaten pentsatua, Otsabiko instalazio publiko horrek Amasa-Villabonako eta beste hainbat herritako mendiko bizikleta zaleak erakarri ditu dagoeneko martxan daramatzan bospasei hilabeteetan. Izan ere, leku aproposa da kirola egiteko, teknika hobetzeko eta, azken batean, bakarka, taldean edota familian ondo pasatu eta gozatzeko.

Otsabi parkeko Pump Trackaren bereizgarri nagusietakoa da kirol instalazio horren eraikuntza herritar talde batek elkarlanean abiatu eta burutu duela, Villabonako Udalaren laguntzarekin. Bertako Udalak Belarmendi Mendiko Nekazaritza enpresaren bitartez, lurrak eta beharrezko makineria jarri zituen eskuragarri aipatu zirkuitua eraiki ahal izateko, eta zenbait herritarrek kirol eremu berriaren lanak egin zituzten auzolanean. Modu horretan, proiektuaren gauzatzea bera erraztu, eta bide batez instalazioaren kostua dezente murriztea lortu zuten.

Villabonako Udaleko Kirol eta Gazteria saileko zinegotzi Gorka Kamioren hitzetan, «zirkuitua auzolanean eraiki izana mundiala da Udalarentzat bereziki, baina era berean, oso gauza handia da herriarentzat berarentzat oro har. Izan ere, Amasa-Villabonarentzat onuragarria izango den zerbait herritik bertatik sortua izatea benetan pozgarria da. Udalaren eginbeharra da beti herritar horien beharrak zein diren entzutea, eta behar horiek ahalik eta modurik eraginkorrean asebetetzea».

Arestian aipatu legez, Udalak ere egin du bere ekarpena Amasa Villabonako Pump Track proiektua errealitate bihurtzeko bidean. Laguntza ekonomikoa jartzeaz gainera, Udaleko langileek utzita zegoen ingurua txukundu eta atondu dute, panelak jarri dituzte ibilbide guztian zehar, bizikletak garbitu eta konpontzeko gunea ezarri dute, eta garrantzitsuena dena, proiektu berritzaile horretan sinistu eta hura une oro sustatu dute.

Kirola bultzatuz

Zentzu horretan, Villabonako Udaleko ordezkariak oso kontent azaldu dira mendiko bizikleta praktikatzeko gune berriaren sorrerarekin. Izan ere, Pump Track zirkuitu publiko horrek aukera ugari eskaintzen dizkie kirol hori maite duten guztiei. Era berean, inguruko hainbat eta hainbat herritako pertsonak erakarriko dituela uste dute eta kirolzaletasuna sustatzeko baliagarria izango dela ziurtatu dute. Kamioren hitzetan, «martxan daraman hilabete gutxian arrakasta nabarmena izan du; batez ere, Villabona bertako herritarren artean».

Azken ñabardura hori bereziki garrantzitsua da haur nerabe eta gaztetxoentzat. Izan ere, kamiok dio adin horretako pertsonak oraindik ez direla mendira bakarrik, euren gurasoen laguntzarik gabe, joaten, eta zentzu horretan Otsabi parkeko zirkuitua aukera paregabea omen da adin txikiko pertsona horiek modu seguruan kirola praktika dezaten.

Hasi besterik ez

Kamiok, hala ere, nabarmendu nahi izan du Otsabiko Pump Truck egitasmoa hasi besterik ez dela egin, eta instalazio hori kudeatzeko ardura hartu duen herritar taldeak ideia, intentzio eta proiektu berriak dituela buruan datozen urteei begira.

Hala, etorkizun hurbileko egitasmoen artean dago, besteak beste, pump track ikastaroak eskola kiroleko jardueren barnean sartzea, eta modu horretan herriko ume, gazte eta nerabeei aisialdirako beste alternatiba bat gehiago eskaintzea.

Azkenik, Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektu berritzaile horren gauzatzean euren alea eman duten herritar prestuei, bai eta Belarmendi Mendiko Nekazaritza enpresari eta han lan egiten duten kideei ere.

Garbitu eta konpondu

Mendiko bizikletentzako zirkuituaz gain, bestalde, Otsabiko kirol instalazioetan bizikletak garbitzeko eta behar-beharrezko konponketa txikiak egiteko aukera ematen duen gune bat ere jarri dute eskuragarri erabiltzaile ororentzat. Bertan bizikletak heltzeko bi euskarri eta ur presio handiko mangeraz gain, bizikletak konpontzeko hainbat tresna izango dira erabilgarri, hala nola, bihurkina, giltza finkoa, allen giltzak, puzgailua eta abar.

Circuitos Pump Track, un fenómeno mundial y al alza en Euskal Herria

Los denominados Pump Track, literalmente pistas de bombeo, son una tendencia deportiva nacida hace aproximadamente dos décadas en Estados Unidos y Australia, en auge imparable en el resto del mundo y con cada vez más presencia y adeptos a lo largo y ancho de la geografía de Euskal Herria.

Una disciplina nueva, también conocida como ciclismo de inercias, en la que el deportista debe saber bombear la bicicleta para aprovechar su propio impulso, así como las inercias que se generan, y de ese modo simplemente poder rodar, brincar o hacer todo tipo de virguerías encima de la bici.

El primer circuito de estas características construido dentro de nuestras fronteras fue el del velódromo municipal Eusebio González Ortuondo de Trapagaran, en el año 2014. Se trata de una pista fabricada en fibra de vidrio que cuenta con un sistema de montaje que permite obtener más de 20 variantes cambiando piezas de sitio, al estilo de Lego o Scalextric.

Gipuzkoa, por su parte, también dispone de varios circuitos Pump Track, entre los que destacan el recientemente inaugurado en Amasa-Villabona, y que ha tenido una gran acogida por parte de los aficionados a esta disciplina. Cerca de allí, en Beasain, junto al parque de fútbol de Igartza, se encuentra el primer Pump Track construido en este territorio y que cuenta con una superficie de 1.300 metros cuadrados. Dispone de una pista de un kilómetro de longitud, con una zona infantil y otra para jóvenes y adultos.

Por último, cabe destacar que en Iruñea, Hendaia y Donapaleu también existen instalaciones de este tipo, y que son cada vez más las ciudades y pueblos de Euskal Herria los que solicitan este tipo de áreas deportivas para la práctica de una disciplina que cuenta día a día con cada vez más seguidores.