J.I.
Elkarrizketa
ANE SANTESTEBAN
BIKE EXCHANGE TALDEKO TXIRRINDULARIA

«Zaila izango da Van Vleuten eta Van der Breggen elkarrekin ados jartzea»

Oreretarra izango da igandean emakumezkoen proban parte hartuko duen euskaldun bakarra. Van der Breggen eta Van Vleuten herbeheretarren nagusitasuna oso argi du, baina bien artean desadostasunak izan daitezkeela uste du. Marianne Vos eta Vollering ere izango dira Herbehereetako talde indartsuan.

Ane Santesteban bere bigarren Olinpiar Jokoen atarian da. Mavi Garciarekin batera aritzeko aukeragatik pozik da.

Tokion izateko erabakigarria izan al da Mavi Garciak eta biok azken Espainiako Txapelketetan erakutsitako nagusitasuna?

Beti egon gara kontaktuan. Aurretik ere, bai Eibarren, bai Durangon eta baita Burgosen ere, argi geratu zen plazak merezi genituela. Baina egia da batez ere Espainiako Txapelketetan utzi genuela argi Mavik eta biok Tokioko plazak merezi genituela.

Mutilekin alderatuta, zuek denbora gehiago izan duzue indarrak berreskuratzeko Tokiora joan aurretik.

Giroa igandean bukatu zen, astelehenean etxera bueltatu nintzen eta, behintzat, hiru egun egon ahal izan naiz etxean indarrak berreskuratzen. Gero beste bi egun egon gara Madrilen PCR probak egiteko, denok batera egoteko eta hortik Tokiora bidaiatzeko. Gogotsu iritzi naiz. Uste dut hori dela hitza. Sasoi onean nago, Giroak puntu hori eman dit, etxean ere atseden ondo hartu dut, indarrak hartuz, eta orain prest nago Tokion lasterketa ona egiteko.

Zer gogoratzen duzu 2016an Rion bizitako esperientziaz.

Esperientzia nahiko desberdina dela uste dut, Rion bakarrik egon nintzen eta ez zen nire lasterketarik onena izan. Baina Tokion esperientzia oso desberdina izango dela uste dut. Bi taldekide gara eta Mavik ere oso ondo dagoela erakutsi du. Giroan bosgarren lekuan bukatu du sailkapen nagusian.

Rion gainontzeko kirolariekin harremanetan izateko aukera ere izan zenuen...

Rion izan genituen, bai, baina Tokion gu bakar-bakarrik gaude hotelean! Oso desberdina da. Ezin gara hoteletik atera, bakarrik entrenatzera atera gaitezke. Gero egun osoa hoteleko gelan pasa behar dugu. Gogorra da esperientzia bezala. Tokiotik hiru ordura dago hotela, baina, bueno, entrenatzeko behintzat, nahiko ondo.

Zein da helburua?

Helburua beti irabaztea da, baina errealitatea ikusi behar da eta uste dut denok dakigula batzuk puntu bat gainetik daudela. Ikusiko beharko da, lasterketa oso arraroa izango dela dirudielako. 64k hartuko dugu parte soilik eta, gainera, gu bakarrik bi taldekide gara. Horregatik uste dut lasterketa desberdina izango dela. Lan egitea oso zaila izango da. Lasterketan bertan erabaki beharko dugu zein den helburua. 137 kilometro inguru dira eta 2.692 metro igoko ditugu. Horrek erakusten du zer-nolako gogortasuna duen ibilbideak.

Herbeheretarrak, batez ere Van der Breggen, beste guztien gainetik al daude?

Bai, biak eta baita Marianne Vos bera ere Giroan erakutsi duen maila ikusita. Horietako edozeinek irabaz dezake. Gainera, lau taldekide dira. Hori bai, ez dakit beraien artean ados jarriko ote diren... Van Vleuten eta Van der Breggen biak dira oso indartsuak eta uste dut zaila izango dela elkarrekin ados jartzea. Uste dut Ludwig eta Niewiadoma ere aurrean ibiliko direla, baina zaila iruditzen zait herbeheretarren mailan egotea.