Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Espazioa (I)

Gizonen lurreko kartzelatzetik ihes egiteko lehen urratsa» bezala deskribatzen du Hannah Arendtek “The Human Condition” (Giza kondizioa, 1958) liburuaren hitzaurrean Sputnik I, 1957an errusiarrek espaziora bidalitako lehen sateliteak eragindako erantzun publikoa. Pentsalari alemaniarrak men hitza erabiltzen du jatorrizko testuan, argitaratze data kontuan hartuta “gizaki”-ren baliokidetzat hartu beharko genukeena (testuan aurrera egin ahala, mankind hitza darabil Arendtek, hain zuzen).

Itzulpenerako “gizon” erabiltzea erabaki dut nik, ordea, generoa argi markatuta, espazioaren konkistan (lurra ederki izorratu ostean hari heldu diogu), ikerketa zientifikoak ahalbideraturiko beste arlo batzuetan bezala, generoak rol erabakigarria jokatu duelako. Hain zuzen, ikerketa zientifikoak gizakion existentzian izango duen eragina aurreikusita, bere liburuan Arendtek azaltzen du jakitza hori nola erabiliko den, bizitza organikoa suntsitzeko ala hari sostengu emateko; kontu politikoa den aldetik ezin dela zientzialarien ezta politikari profesionalen esku utzi dio. Aitzitik, hiritartasun aktiboa proposatzen du pentsalariak gizakion bizitzan eragina duen kontu oro eztabaidatu eta erabakitzeko orduan.

63 urte geroago, ordea, Arendti esan ahal diogu imajina zezakeen balizko egoerarik esperpentikoena bizitzen ari garela. Izan ere, Jeff Bezos, duela gutxi Amazoneko zuzendari exekutibo kargua utzi eta konpainia bereko presidente exekutibo bihurtu zen gizon zuri aberatsaren modukoak dira gaur egun espaziora doazenak.