Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Etapa bat bukatuta, datorrenari heltzeko prest dago Sare

Donostian eman zioten amaiera atzo eguerdian Sarek antolatutako Bizikleta Martxari. Bertan, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileek nabarmendu zuten 2021a presoen auziari dagokionez urte positiboa izan den arren oraindik ere salbuespenezko egoerak amaitu eta guztiak etxera ekarri arte bide luzea dagoela egiteko.

Donostiako Bulebarrean eman zioten amaiera atzo eguerdian Sarek laugarrenez antolatu duen Bizikleta Itzuliari. Euskal preso eta iheslariak etxeratzea aldarrikatzeko ekimen honen aurtengo edizioa Garestik abiatu zen pasa den ostegunean “Ibilian ibilian etxerako bidean” lelopean eta pedalkadaz pedalkada, kilometroz kilometro, euskal presoen eskubideen aldeko aldarria eraman dute hainbat herritarrek Euskal Herriko herri eta errepide desberdinetara.

Atzoko etapa, azkena, Zumaian hasi eta Getaria, Zarautz, Orio eta Usurbiletik igaro ostean Donostian barrena itzuli bat eman eta Bulebarrean amaitu zen 12.15 inguruan. Kioskoaren parean hartu zuten atseden ekimenean parte hartu zuten herritarrek, baita mokadu bat jan ere, musikak eta dantzak girotuta.

Irri egin, baina erlaxatu gabe

Bertan ziren Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak. «Dinamika hauekin demostratu dugu, izan pedalei ematen, manifestazioen bidez edo mendiak zeharkatuz, gauzak aldatzen ari garela», esan zuen Azkarragak prentsari egindako adierazpenetan. «Irri egiteko momentua» dela esan zuen, Bizikleta Itzuliak nola, euskal presoen auziak etapa bat bukatutzat eman duelako.

Horrek ez du esan nahi «erlaxatzeko» aukera dagoenik. Madrildik beherako kartzelak euskal presoz hustu dira, baina «hemen ez da ezer bukatzen», azpimarratu zuen, «lortu arte Dueñas, Villabona, El Dueso edo Logroñon dauden presoak hemen izatea».

Oraindik, baina, oztopo asko dira bidean eta etapa asko gainditzeke daudela azpimarratu zuten bozeramaileek; kasurako, salbuespenezko politikak, gradu progresioen blokeoa, 40 urteko zigorretara kondenatuta dauden presoak edo Estatu frantseseko kartzeletan bete duten kondena konputatzen ez zaien 50 presoak. «Lortuko dugu momentu hauetan sentitzen dugun esperantza praktikan ikustea, errealitatean», adierazi zuen.

«Saretik uko egiten diogu normala ez den egoera hau normalizatzeari. Amaiera eman diogu preso eta senideen eskubideen urraketa helburu zuen etapa lazgarri bati. Baina hau etapa bat soilik izan da. Aurrean etapa berriak ditugu», aldarrikatu zuen Bulebarreko ekitaldian, herritarrengana zuzenduz.

Inaxio Oiarzabalek nabarmendu zuen aurten «pauso positiboak» eman direla euskal presoen auzian: «Presoak gerturatu dira, isolamenduak eta lehen graduak amaitu dira». Berak ere ohartarazi zuen, ordea, oraindik bide luzea dagoela egiteko: «Presoak etxean egon arte denon artean bidea egin behar dugu, oztopo ezberdinak gainditu, oraindik salbuespenezko legedia indarrean dagoelako».

Izan ere, ohartarazi zuen euskal presoak bigarren graduan egonda ere, kalera atera ahal izateko baimenak lortzeko, hirugarren graduetara progresioak lortzeko edo baldintzapeko askatasuna erdiesteko «oztopo eta arazo» asko aurkitzen dituztela. Etorkizunari begira baikor agertu zen, ordea: «Uste dugu Bizikleta Itzuli honetan pedalkadaz pedalkada egin bezala, denon artean, pausoz pauso, presoen etxeratze prozesua azkartuko dugula».