Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Jostorratza

Beharbada entzungo zenuten inoiz euskarazko hitzik zaharrenetakoak “aizkora”, “aizto”, “aiztur” eta “aitzur” direla. Horren arrazoia omen da “aitz-” aurrizkia dutela, haitza edo harria alegia. Eta tresnon antzinatasuna, hain zuzen, aurrizki hori erabiltzeagatik omen dakigu, harriz eginak izango baitziren aspaldiko garaietan. Ez dut teoria horren egiatasuna bermatzerik, baina egiantza izan badauka. Kontu zahar eta berri askorekin gertatzen den antzera. Behintzat, harrizko aizturrak edo guraizeak nolakoak izango ziren irudikatzeko okasioa ematen du. Imajinatzen al dituzue neolitikoko euskal artzainak ardiei harrizko aizturrekin ilea mozten? Irudikatu duzue? Bai? “Harriketarrak” familia etorri zaizue burura?

Badago, ordea, beste hitz bat, xumeagoa, arrunta zeharo, aizkolarien epikarik gabe edo aitzurtuta ez dagoena. “Jostorratza”. Tresna sinple eta arrunt horrek gizakiarekin batera milaka eta milaka urte daramatza, forma eta funtzio berdinarekin.

Zer egingo genuke jostorratzik gabe? Nola botoiak lotu? Nola arropak egin? Petatxorik nola jostorratzik gabe? Horrelako oharpena jaso nuenean burura etorri zitzaidan batzuek ondo hitz egitea hitzak ondo jostea dela diotela; eta burura etorri zait ideia: ez ote dira ipuinak gure irudimenaren, harremanen, bizipenen jostorratzak? Ez ote dira ipuinak petxatxoak edo botoiak josten laguntzen dizkiguten tresna arrunt eta umilak? Kontalariak irudimenaren jostunak ote? Izan garenetik.