Mikel AGINAGALDE
BERA
Elkarrizketa
IDOIA UNSION
MANUEL TABERNA SL EDARI BANATZAILEAK (BERA)

«Gero eta gehiago jendeak etxean edateko ohitura hartu du»

Aurtengoa bigarren urtea da herrietan jairik ez dagoela eta tabernetako ordutegiak lehen baino murritzagoak direla. Berako Manuel Taberna edari banatzaileak nabaritu du kontsumo ohiturak asko aldatu direla azkenaldi honetan, eskualdeko taberna eta ostatu askotan saltzen baititu edariak, baita Ibardin eta Dantxarineko dendetan ere.

Ostalaritza jarduerak izan dituen murrizketak aintzat hartuta, eta arrazoi horren ondorioz, edari banatzaileek ere izan dituzue zenbait komeria lana aurrera eraman ahal izateko. Nola egin diozue aurre egoera ezkor horri?

Presio eta ezjakintasun handiarekin bizi izan dugu azken urte eta erdia. Gorabehera handiko egoera aldakorra izan da une oro denbora honetan guztian, eta horrek tentsio handia eragin digu gu guztioi. Ostalaritza sektorean murrizketak ezarri izan direnean aldi baterako erregulazioak egin behar izan ditugu, eta gerora tabernarien egoera hobetu denean, berriz, lan karga handitu egin zaigu, eta banatzaile gutxik lan hori bera modu egokian egin behar izan dugu.

Uda garaiko herriko festak direla eta, lanez gainezka ibili ohi zarete edari banatzaileak. Orain, aldiz, festarik apenas izaten ari da Euskal Herri zabalean. Beherakada hori sumatu al duzue zuen negozioan?

Egia esan, uda izan ohi dugu denboraldi fuertea, eta azken bi urteetan beherakada handia nabaritu dugu salmentetan. Bestalde, guk Ibardin, Dantxarinea eta inguru horretako komertzio ugariri banatzen diegu gure produktua, eta kasu honetan ere, jarduera ekonomikoa dezente gelditu da. Guri bete-betean eragin digu horrek. Astetik astera salmenta aurreikuspenak egitea oso zaila egiten zaigu. Gainera, Frantziako Estatuak ezarri dituen baldintzekin gure lana nahi bezala egitea kosta egiten da. Hala ere, aurtengo uda pasa den urtekoa baino hobea izatea espero dugu.

Edariak erosteko joerak aldatu egiten dira denborarekin. Azken urte eta erdi honetan sumatu al duzue aldaketarik kontsumitzeko ohiturei dagokienez?

Denbora horretan nabaritu dugu gero eta gehiago jendeak etxean edateko ohitura hartu duela. Joera aldaketa hori normala da, jakinda festarik ez dagoela eta tabernetako ordutegia murritzagoa dela. Lehen taberna edo jatetxera joaten ziren bezero asko eta asko, orain gurera etortzen dira zuzenean, edaria eskatu eta etxean kontsumitzen dute. Joera hori agerikoa da azkenaldi honetan.

Eta edariei dagokienez, zeintzuk dira produkturik eskatu eta salduenak?

Nabaritu dugu likore bereziak gero eta gutxiago erosten dituela bezeroak, lehen gehienbat festa eta ospakizunetan kontsumitzen ziren horiek, alegia. Alderantziz, ginebra, vodka eta gisa horretako edariak oraindik ere preziatuak dira eta dezente saltzen ditugu, baita ardoa eta garagardoa ere. Azken hauei dagokienez, ikusi dugu jendeak kalitate oneko edariak probatzeko gogoa izan duela. Baina, esan bezala, gazteek parranda giroan kontsumitu izan dituzten likore berezi horien salmentek beherakada nabarmena jasan dute. Esan daiteke edate klasikora bueltatu garela azken urte eta erdian.