M.A.
etxarri aranatz
Elkarrizketa
MIKEL ALDASORO
DERRY TABERNA (ETXARRI ARANATZ)

«Hartu diren erabakiak inkoherenteak izan dira»

Nola egin ahal izan diezue aurre azken urte eta erdi luzean jasan behar izan dituzuen murrizketa eta oztopoei?

Taberna itxita izan dugun boladetan zenbait lankide ABEEra bidali behar izan ditugu, eta ireki dugun guztietan, berriz, lan karga dezente handitu zaigu; astelehenetik astelehenera egin behar izan dugu lan. Gastu finkoen aurreikuspen bat egin genuen, eta gastu horiei aurre egiteko moduak aztertu genituen. Esan bezala, negozioa etenda izan dugunetan langile plantilla murriztu behar izan dugu, eta jarduera martxan jarri den bakoitzean langile horiek berreskuratu ditugu.

Zein da ostalaritza sektoreari ezarri zaizkion neurriei buruz daukazun iritzia?

Pandemiaren kudeaketa, oro har, eta hura kontrolatzeko hartu diren erabakiak erabat inkoherenteak izan direla iruditzen zait. Errudun sinple eta ahul bat bilatu eta aurkitu dute; kasu honetan ostalaritza, eta saiatu dira irudikatzen zerbait egiten ari zirela egoera kontrolpean mantentzeko, nahiz eta hartutako erabakiek ez duten oinarri epidemiologikorik izan. Ostalaritzari egurra ematea oso merke atera zaie.

Etorkizuna ziurgabetasun handiarekin dator. Baikorrak izateko motiborik badagoela uste duzu?

Giro nahasia bizitzen ari gara, eta horrek joera estruktural bat erakusten digu, hau da, ostalaritza eta beste sektore batzuen beheranzko joera. Bizi dugun egoerari aurre egiteko, edo bizirauteko, lan gehiago egin behar dugu langile gutxiagorekin; ekuazio horrek ez du huts egiten. Horri guztiari gehitu behar zaio konfiantza guztia galdu dugula politikariengan, eta pandemiaren kudeaketaren ardura izan duten burokratengan. Ez daukagu baikor izateko arrazoi handiegirik.