Testua: Iraide IBARRONDO

Nagusien Etxea eta frontoi taberna, Berangoko bizitzaren erdigunean

Berangoko erdigunean kokatuta daude Nagusien Etxea eta Frontoi taberna. Herritarrek, beraz, ongi ezagutzen dituzten tabernak dira. Nagusien Etxea gaur egun Jagoba Lopezek kudeatzen du, mota guztietako gosari eta kafeak eskaintzen. Baina Lopezek 2013 urtetik darama Berangoko hainbat taberna kudeatzen eta girotzen, tartean Frontoi taberna.

Denbora gutxi darama Jagoba Lopezek Nagusien Etxean, hiru hilabete eskas, beraz, negozioa egonkortzen ari da oraindik. Nagusien Etxea Uribe kostako herriaren bihotzean kokatuta dago, Lopezek duela gutxi arte kudeatzen zuen Frontoi tabernaren aurrez aurre.

Momentuz, giroa lasai dago uda izan arren. Izan ere, Berango 7.000 biztanleko herri txiki bat da eta uda garaian herritarrak Sopela moduko udalerrietara joan ohi dira egun pasa.

Hala ere, giro aldaketa nabaria izan da Frontoi tabernatik Nagusien Etxera pasatakoan. Frontoi tabernan «super giro ona eta euskalduna» zegoela gogoratzen du Lopezek. Izan ere, bere adin inguruko gazteak, lagunak eta familiak egon ohi ziren bertan, euria egiten zuen asteburuetan frontoiko hormek babestuta.

Hori horrela, Udalarekin elkarlanean hainbat ekintza antolatzen zituen Lopezek Berangoko jaietan pandemia aurreko garaietan: igel eta futbolin txapelketak, umeentzako antzerkiak eta pala txapelketak besteak beste.

Gerora, pandemia iritsi zen. Lehen urtea ondo pasatu zuen Lopezek Frontoi taberna gidatzen. Izan ere, terraza handia zuen (eta mantentzen du) tabernak. Hala ere, taberna Udalarena da. Hortaz, 4-5 urtero lehiaketa bat ateratzen du negozioa nork kudeatuko duen erabakitzeko. Nagusien Etxea itxita zegoen orduan eta Lopezek bi tabernak kudeatzeko izena eman zuen. Zozketan berari Nagusien Etxea egokitu zitzaion eta Frontoi tabernaren ardura, aldiz, bere anaia Sendoari. Hortaz, bi anaien artean girotzen dituzte Berangoko kaleak.

Pandemia hasieran Frontoi tabernak ondo funtzionatzeko gakoa terraza handia izan zenez, Nagusien Etxearen ardura hartutakoan terraza itxi batean inbertitzearen aldeko apustua egin zuen Lopezek. Horrela, etorkizunean neurriak gogortuko balira, negozioaren epe luzeko errentagarritasuna bermatuta egongo litzateke.

Orain eguneko giro lasaiean egiten du lan Lopezek. Bezero gehienak nagusiagoak dira. Baina herri txikia izanik, guztiek ezagutzen dute elkar. Are gehiago, tabernan lan egitea modu on bat izan da Jagobarentzat herrira bizitzera etorritako pertsona berriak ezagutzeko. Era horretan, biztanle berriak herriko komunitatean sartuz.

Txipiroi patagonikoak

Nagusien Etxera hurbiltzen direnek kafea eta mota guztietako gosariak dastatu ditzakete. Jagobak igandeetan eskaintzen dituen raba edo kalamarrek ospe ona hartu dute herrian. «Zortzi urte daramatzat rabak egiten eta arrakasta handia dute. Igandeetan 40-50 errazio saldu ditzaket», azaldu du.

Plater honen arrakastaren gakoa Lopezek erabiltzen duen txipiroi patagonikoan dago, zeina sukaldari batek gomendatu zion ostalaritzan hasi berritan: «Galiziatik ekartzen didate eta normala baino pixka bat garestiagoa da. Moztu, gatz apur bat eta irina botatzen diet, oliotan frijitu eta listo». Azkenik, limoi zati batekin aurkezten ditu tabernako barran.