Testua: J.S.

Goizueta bezalako herri txiki batean bizi eta lan egiteko apustua

Herri txikietan zerbitzuak murrizten eta, ondorioz, bizilagunak ere gutxitzen ari direla gauza agerikoa da. Horregatik, aipatzekoak dira bertan bizi eta lan egitearen aldeko apustua egiten dutenen kasuak. Goizuetan, adibidez, janari-denda zabaldu dute Iñigo Elizegi goizuetarrak eta Mathilde Lucet paristarrak.

Goizuetak 700 bizilagun ditu gaur egun, baina orain dela 50 urte 1.400 zituen. Denbora gutxian, beraz, erdira jaitsi da biztanle kopurua. Bilakaera horren arrazoiak asko dira, baina zerikusi handia izan dezake zerbitzu gehiago dituzten herrietatik 20 kilometro baino urrunago egoteak (Hernani 26 km-ra dago eta Leitza 20 km-ra).

Herri txikietan bizi eta lan egin daitekeela sinetsita, Iñigo Elizegi eta Mathilde Lucet bikoteak janari-denda zabaltzeko apustua egin zuen 2019an. Horretarako, sei hilabete lehenago erretiroagatik itxi zen Zubi Haundi ondoko denda hartu zuten. Iñigoren iritziz, horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko funtsezkoa da herri txikietan sinestea. «Denok mantendu nahi ditugu herrietako zerbitzuak, baina oso jende gutxi dago iniziatiba eta arrisku hori hartzeko prest», esan du.

Une honetan Goizuetan bi janari-denda daude, harategi bat, bost taberna, estankoa eta kafetegia. Elizegik dioenez, «gure asmoa ez da inori konpetentzia egitea, osagarriak izatea baizik».

Alde batetik, ohiko janari-denda bezala lan egiten dute, Co-aliment etxearekin duten frankiziari esker, baina bestetik bertako produktuak eta ekologikoak ere eskaintzen dituzte. Horrela, Goizuetan bertan egindako eztia, arrautzak, garagardoa eta betizu haragiarekin egindako txorizoa saltzen dute, baita Nafarroan egindako hainbat produktu ekologiko ere. «Lehen ez zegoen horrelako eskaintzarik eta, egia esan, mota honetako janarien eskaria handitzen ari da».

Bestalde, etxerako tresnak ere saltzen dituzte. Izan ere, ez du zentzu handirik zartagin edo erratz baten bila Donostiaraino joateak, Elizegik dion bezala.

Harreman soziala

Zubidendak duen bizitzaren erdia baino gehiago, beraz, pandemia egoeran igaro dute. Baina horrek ez die kalterik egin. Are gehiago, konfinamendu garaian «demostratuta geratu da herrian zerbitzu guztiak ditugula eta bertatik atera gabe bizi gaitezkeela».

Gainera, herriko dendek egoera horretan betetzen duten funtzio soziala aldarrikatu du Iñigok. «Konfinamenduan konturatu gara herriko dendek zer garrantzia duten harreman sozialak mantentzeko».

Eta abuztuko martxari dagokionez, salmentak ondo doazela nabarmendu du. «Egia da bertako jendea oporretara joan dela, baina kanpotik ere etorri dira beste batzuk; beraz, ongi lan egiten jarraitzen dugu».

Salmenta horiei esker, langile bat hartzeko aukera ere izan dute, eta horrela Iñigok eta Mathildek atsedena hartzeko tartea izango dute, denda itxi beharrik gabe.