Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jakak ez zuen esku hutsik joan nahi

Erasoan erakustaldia emanda, batez ere hasieran, play-offera kondenatu zituen Altuna-Aranguren. Laso-Albisuk 11-19koari buelta eman zioten.

ALTUNA-ARANGUR. 17

JAKA-TOLOSA 22


Sailkapenean aurrera egiteko inolako aukerarik gabe ziren arren, helburu zehatz eta jakin batekin heldu zen Erik Jaka Leitzako Amazabal pilotalekura; Baikoko elastikoarekin bere lehen garaipena lortu nahi zuen lizartzarrak, bikoteak Masters honetan gaur arte eskuratutako puntu bakarra lehen jardunaldian lortua baitzuten, Laso Tolosaren aurrelari zela. Lehen pilotakadatik nabarmena izan zen grina hori; 2020ko buruz buruko txapeldunak egindako lau tanto ikaragarrirekin hasi zen partida –denera 12 lortu zituen erakustaldia emanda; Arangurenek ere ez zuen asmatu pilotak kentzen– eta hasiera horretan lortutako abantaila horri (1-6 eta 1-8) nola edo hala eutsiz, euren helburua lortu zuten Jakak eta anoetarrak.

Azken uneko garaipen (17-22) honek ez zien sailkapeneko azken postutik ihes egiteko balio izan, baina albo-kalte nabarmen bat utzi zuen, Altuna-Arangurenek hirugarren amaitu baitute eta play-offa jokatu beharko baitute hurrengo asteburuan, seigarren amaitu duten Urrutikoetxea-Martijaren aurka.

Une batzuetan partida iraultzeko zorian egon baziren ere, astebeteko atsedenaldiaren ostean kantxetara itzulita Jokin Altuna haizea kontra zuela aritu zen partidako unerik gehienetan Leitzan, Arangurenek ere ez ziolako behar beste lagundu, unerik kritikoenetan zenbait kale ere eginda. Gainera, nahiko haserretuta amaitu zuen partida amezketarrak, eta telebistarekin hitzik egin nahi izan ez bazuen ere, jakin denez, gaur Los Arcosen iragarrita zuen partidan ez da arituko, esku hori nahi bezala ez duen seinale.

Bere aurka aritu behar zuen Oinatz Bengoetxeak ere, hiru kolpe gogor hartuta –txarrena belaunean–, nahiko minduta amaitu zuen herrian jokatutako partida eta honek ere uko egin behar izan zion gaur telebistaz emango duten estelarrari.

Buelta itzela Elgetan

Sailkapenerako garrantzi gutxiago zuen Elgetako lehian sekulako buelta izan zuen partidak, 11-19ko aldeari ihes egiten utzi eta lehen porrota jaso baitzuten orain arte alerik galdu gabe ziren Peña II.ak eta Rezustak. Unai Laso izan zen, ezbairik gabe, azken txanpako iraultza horren protagonista nagusia. Egia da Albisu ere hobeto aritu zela amaiera aldera, baina nafarrak 15 tanto amaitu zituen, horietako 10, airez. Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a izango dira Peio Etxeberria-Albisuren aurkariak hurrengo kanporaketan.