Jon ORMAZABAL
PILOTA

Etxeberria eta Martija, play-offerako prest

Zazpi asteren ostean, udako Mastersa bete-betean sartu da bere unerik erabakigarrienean eta asteburu honetan argituko da finalerdiak zein bikotek jokatuko dituzten. Momentuz, Peña II.a-Rezusta eta Olaizola II.a-Zabaleta dira lehen bi txartelak zuzenean eskuratu dituztenak eta beste biak Zierbena eta Zumaian jokatuko diren kanporaketetatik irtengo dira. Azken asteetan arazo desberdinak direla medio kantxetatik at egon ostean, Peio Etxeberria eta Julen Martija prest dira partida erabakigarri horiek jokatzeko.

Zenotzeko aurrelariak abuztuaren 7an hartu zuen min ezker sorbaldan, Zarautzen, Urrutikoetxea-Martijaren aurka jokatzen ari zela (12-8 galtzen ari zirela utzi behar izan zuen partida) kolpe bat hartuta. Unai Lasok bete du ordutik haren lekua, eta hilabete geroago Zierbenan itzuliko da nafarra, Elezkano-Mariezkurrenaren aurka exijentzia handiko neurketa batean eta, erabat osatuta egon arren, erritmo falta izan daiteke bere zalantzarik handienetako bat.

Julen Martijak, berriz, azken bi asteak eman ditu partidarik jokatu gabe, eskuin eskua justu samar zuelako, baina aste honetan normal entrenatzea espero du eta igandean Zumaian jokatzeko moduan egotea espero du. Azken bi asteetan Iñigo Bikuñak hartu du bere lekua Urrutikoetxearen atzelari gisa, baina Altuna III.a-Arangurenen aurka Etxeberrikoa ariko da berriz. 

Irribarriaren itzulera

Mastersaz harago, Iker Irribarriaren kantxetarako itzulera izango da asteburu honetako berririk garrantzitsuenetako bat. Martxoaren 11n eskuin belauneko ebakuntza egin ziotenetik izan da aramarra kantxetatik at eta ostiral honetan itzuliko da Gautegiz-Arteagan. Rezusta atzelari duela, Bengoetxea VI.a-Albisuren aurka ariko da.

Bi heriotza

Pilota munduak bi heriotzaren berri izan du azken orduetan. Batetik, Felipe Lejarazu Olaortua elorriarra, 60ko bigarren mailako Buruz Burukoaren txapelduna, hil berri da, 88 urte zituela. Bestalde, 1999. urtean Asperekin profesionaletan debuta egin zuen Cristobal Gastesi donostiarra ere zendu da, 44 urte besterik ez zituela.