Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Arrautzen gorringoa erronka!

Ikasturte berrian sartuak gara, zer ikasten dugun duda sortzen badit ere. Oporraldi ofiziala, nire kasuan ofiziozkoa ere, baliatu dut egun batzuk latitude handiagoko herrialde batzuetan emateko, bidaiatzea izan badelako nor bere burua hobeto ezagutzeko beste modu bat, nahiz eta askotan oso zaila izan hango plaza edo basoetan turista itxuratik askatzea... Kawensos!

Tira, harira! Afganistan izan dut egun horietan albiste buru, Kabulgo aireportua batez ere. Ez da ulerterraza. Aspaldian utzi nion han-hemengo egoerei, arazoak barne, zuri-beltzean ikusteari, grisen tonu asko eta askotarikoak aurkitu nituenetik gutxienez! Eta hor nabil, trantsiziorako balio duten gris onak eta arazoak iraunarazten dituzten gris txarrak bereizi nahirik...

Total, etxera bueltan hortxe nituen, mahaiaren izkinan, kanpoan emandako egunetako egunkariak, zutabe bitan ordenatuak. Eta bidaiaren estresak komunerako bidean jarri aurretik begirada arina eman nien, zero kilometroko albisteak dastatu nahian. Horra kolpea! Euskal Herrian arrautza asko kontsumitu bai, inguruan baino gehiago, baina gutxiago ekoitzi! Hortaz, arrautzetan ez garela «buruaskiak» dio Jaurlaritzaren itzultzaile neuronalak.

Arrautzen defizita jelkideen urte berriko trantsizio-mapan jartzeko beste errei bat den seinale. Baina nago ni, hainbeste errei egonda errepidea bera ere ez dutela ikusten, erraiak konfort-zonan dauzkatenez! Arrautzek gorringoa ez balute sikiera! Baina esana da, gorringo gabeko arrautza umore gabeko iraultza! Eta guk biak behar ditugu.

Eskerrak Arbonan laborantza lurren defentsan ari direla, lur barik ez delako lurralderik, are gutxiago lurraldetasunik. Gure trantsizioa Txinako uda honetako elefante horiena bezalakoa da, beharrezkoa, behartua, pausatua, pentsatua, eraginkorra... baina gure kasuan Euskal Herriaren oskol barrukoa.