Asier AIESTARAN
PILOTA

Altunak eta Arangurenek osatuko dituzte finalerdiak

Amezketarrak inspiratuta jokatu du Zumaian eta merezita lortu dute txartela.

ALTUNA III.A-ARANGUREN 22

URRUTIKOETXEA-MARTIJA 13


Jokin Altuna eta Aitor Aranguren Caixabank Masterseko finalerdietarako sailkatu ziren atzo, Zumaian jokatu zen play-offetako kanporaketan, Mikel Urrutikoetxea eta Julen Martija 22-13 menderatuta. Gorriek neurketa oso serioa jokatu zuten eta Amezketako aurrelariaren inspirazioak aukerarik gabe utzi zituen urdinak.

Finalerdietan Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute Altunak eta Arangurenek, seguruenik datorren igandean Hondarribian. Beste finalerdian, printzipioz larunbatean Vianan jokatuko dena, Peña II.a-Rezusta eta Elezkano II.a-Mariezkurrena neurtuko dira.

Emaitzak pentsaraz dezakeena baino norgehiagoka gogorragoa izan zen Zumaiakoa. 22-13 amaitu zen, baina lau protagonistek 483 pilotakada jo zituzten ia 70 minutuko deman.

Beti aurretik markagailuan

Oso sartuta ekin zioten neurketari gorriek eta markagailuan 7-1 aurreratu ziren. Jokin Altuna ikusgarri aritu zen lehen txanpa horretan eta gorrien zazpi tanto horietatik bost bere erremateak izan ziren, sake on bat ere gehituz bere zenbakiei. Pilota aldatzearekin batera, ordea, urdinen erreakzioa iritsi zen. Martija fresko ikusi zen atzean, pilotakada onak jotzen eta batez ere defentsan lan ona eginez, eta Urrutikoetxea ere ez zen gehiegi nahastu aurrean. Horrela iritsi ziren gorrien hainbat huts, eta markagailua 7-6 estutu zen.

Une horretatik aurrera partida dezente parekatu zen, piloteoan ez zuen inork argi agintzen, eta tanto gogor batzuk heldu zira. Hala ere, Jokin Altunaren kalitatea izan zen tanto horietatik gehienak erabaki zituena –jokoan egindako hamaika guztira–, eta joera beti gorrien aldekoa izan zen. Markagailuan ere hala islatu zen, gorriak berriz ere 13-8 aurreratu baitziren hiru tanto segidan eginez.

Aldeak handitzen joan ziren apurka-apurka eta gorrien beste 5-0ko partzial batek erabat hautsita utzi zuen norgehiagoka (20-12), Altunak zabalean egindako dejada eder baten ondoren. Dena galduta zuelakoan, Urrutikoetxea arriskatzera joan zen azken tantoetan, baina bizkaitarrak ez zuen batere asmatu eta 22-13koa izan zen emaitza.

«Txisparekin»

«Partida gogorra izan da, exijentea. Baina ni gustura ikusi naiz, txisparekin, uda guztian bezalaxe. Eta txispa horrekin nagoenean errematerako pilotak ere aurrerago hartzen ditut. Ligaxkan hirugarren izan ginen, lau onenen artean sartu gara orain… uste dut torneo polita egiten ari garela», adierazi zuen Jokin Altunak amaieran.

Datorren asteburuko aurkariei buruz, loreak baino ez zituen izan. «Historian izan den aurrelari onenetako bat eta historian izan den atzelari onenetako bat. Horrekin dena esanda dago, baina ea aste honetan ongi entrenatzen garen eta ongi heltzen garen».