Idoia ERASO
M

EUSKARAREN EGOERA ETA ETORKIZUNA, KONSTITUZIOAK BALDINTZATUTA

EUSKARAZKO HEZKUNTZA IPAR EUSKAL HERRIAN KINKA LARRIAN DEN HONETAN, EGUNGO EGOERA ETA ERRONKAK ULERTZEKO GOGOTSU ZEUDEN EUSKALTZALEAK DONOSTIAKO MIRAMAR JAUREGIRA HURBILDU ZIREN ATZO. IZAN ERE, EHUK UDAKO IKASTAROA ANTOLATU ZUEN MOLAC LEGEARI ETA BERE KONTRAKO ERREKURTSOARI BURUZ.

“Molac Legea, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak eta bere ondorioak” udako ikastaroan Ipar Euskal Herriko eragileek eta unibertsitate irakasleek parte hartu zuten, eta, beraiekin batera, Bretainiatik zuzenean etorrita, legeari izena ematen dion Paul Molac diputatua bera ere. Bere parte hartzeak ikusmin berezia sortu zuen, eta irakurketa politiko kementsua egin zuen, murgiltze eredua antikonstituzionala dela dioen Konstituzionalaren ebazpena 2022ko presidentetzarako hauteskundeetara arte ez dela aplikatuko esanez.

Erpin oso ezberdinetatik heldu zion gaiari ikastaroak. Arlo historiko, politiko, juridiko eta praktikotik aurkeztu zuten egoera hizlariek, Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakasleak gidatuta. Parte hartzaileen lana azaldu zuen lehenik eta behin, Philippe Blanchet Rennes 2 unibertsitateko soziolinguista, Molac bera, eta Eneritz Zabaleta Zuzenbide doktorea aurkeztuz. Ondoren aipatu zituen mahai inguruan izan ziren Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria eta Battittu Coyos Etxebarne Euskaltzaindiko buruordea.

Urteagak Estatu frantsesean hizkuntza gutxituei aitortza emateko Molac izenarekin ezagutzen den “Eskualde hizkuntzen ondare babeserako eta promoziorako legearen” nondik norakoak azaldu zituen aurkezpen gisa, baita murgiltze ereduari eta zeinu diakritikoei buruzko artikuluak Kontseilu Konstituzionalak nola jo zituen antikonstituzionaltzat ere, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren bulegotik ateratako errekurtsoaren ondorioz. Aurkezpenari bukaera eman zion Eva Ferreira EHUko errektoreak.

Hizkuntza eta azentuengatiko diskriminazioa izendatzen duen “glotofobia” terminoaren asmatzailea den Blanchetek, Estatu frantsesean bazterkeria horrek duen presentziari buruzko mintzaldia eskaini zuen. Bide batez, Konstituzionalaren ebazpenak sortu duen arazoaren «giza dimentsioari» heldu zion.

Egun Estatu frantsesean diskriminazio mota hori instituzionalizatuta dagoela baieztatu zuen, eta erabakia «glotofobia ofizialaren ondorio» dela gaineratu. Ideologia horren atzean dagoen historiaren ibilbidea egin zuen, eta egun frantsesa Estatuko oinarri gisa hartzen bada ere, gogora ekarri zuen Frantses Iraultza 1789an egin zenean, herritarren %10 eta %12 artean soilik zirela frantses hizkuntza mintzatzen zutenak.

Garai horretan sortu zen “berdintasunaren ideia” izendatu zuen oinarrizko arazotzat, frantsesa ez den hizkuntza bat mintzatzeak desberdin egiten duelako ideia zabaldu baita frantses jendartean: «Aniztasunaren kontrako diskurtsoa da nagusi. Aniztasuna debekatzen ahal dela uste da». Ildo horretan, Kontseilu Konstituzionalaren papera nabarmendu zuen, «dogma» gisa definitu zuen uste hori aplikatzen laguntzen duelako bere erabakiekin.

Eskubideei buruzko nazioarteko testu guztietan hizkuntzarengatik ezin dela diskriminatu ematen bada ere, Estatu frantsesak hori ez duela betetzen gaitzetsi zuen Blanchetek.

Paul Molac bretoia

Molacek bretoiez abiatu zuen bere hitzartzea, hizkuntzaren doinua ezagutarazteko, eta Euskal Herriarekin eta euskararekin dauden antzekotasunak aipatu zituen, bietan «argi eta garbi erresistentzia ideologikoa» badela aipatuz.

Bere izena daukan legeaz mintzatzeaz gain, egungo egoeraren irakurketa ere egin zuen Molacek, eta, Gobernuak ikasturte hasiera honetan izan duen jokabidea aztertuz, aipatu zuen ebazpena ez dela hurrengo urtera arte plantan jarriko. Jokamolde horren adierazgarririk nagusietakoa da Ipar Euskal Herrian ikasturte hasiera honetan bi eskola publiko eta pribatu katoliko batean murgiltze klaseak ireki izana, nahiz eta sistema antikonstituzionaltzat joa izan.

«Kontseilu Konstituzionalak krisia sortu du. Hauteskunde kanpaina abiatu dela argi dago, eta orain ezin dira hizkuntzen defendatzaileak haserretu, beraien bozek emaitza alde batera edo bestera eraman dezaketelako», azpimarratu zuen Molacek.

Baina Damoklesen ezpata beti hor dagoela eta horregatik Konstituzioa aldatzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen. Aldaketa horri buruzko iritzia ere plazaratu zuen. Orain arte frantsesa Estatuaren hizkuntza dela dioen 2. artikuluaren aldaketa aipatzen bazen, berak, horren ordez, 75.1 artikulua moldatzea proposatu zuen, hizkuntza gutxitua Estatuaren ondare dela dioen horretan, hain zuzen.

Demartxa hori hauteskundeak baino lehen egin daitekeela ere esan zuen, nahiz eta horretarako borondate politikoa behar dela azpimarratu, eta hori ez dela agertzen onartu. «Botere teknokratako» pertsonen artean debekuaren norabidea mantentzen bada ere, gizartearen iritzia aldatzen ari dela aipatu zuen, eta bere legeak egin duen ibilbide parlamentarioan hori agerian gelditu dela gaineratu.

Historiari begiratuta, bere ibilbide pertsonalaren berri ere eman zuen hizkuntza gutxituko hiztun gisa. “Berdintasun” ideia horren gibelean dagoen «dogmaren» aurrean ez duela zertan aldatu behar aldarrikatu zuen, eta legea horretarako egin zuela azaldu.

Diputatuaren ondotik mintzatu zen Eneritz Zabaleta Zuzenbide doktorea. Ipar Euskal Herriko hiru eskoletan murgiltzea baimentzean Gobernuak «desobedientzia» egin duela baieztatu zuen, eta gaineratu orain arte ikusi gabea zela hori. Egungo egoerak «ziurgabetasuna» sortzen duela gaineratu zuen, eta egungo statu quo-a ezin dela denboran mantendu: «Legalki ez da aukera bat». Egungo markoan «ikuspegi beltza» dagoela jakinarazi zuen.

Konponbide juridiko bakarra Konstituzioa aldatzea dela azaldu zuen, eta bera ere 75.1 artikulua aldatzearen alde agertu zen. Aldaketa horretan testua oso esplizitua izan beharko litzatekeela baieztatu zuen, «esaterako, aipatzea murgiltzea proposatzen ahal dela hezkuntza publikoan eta besteetan ere». Horrela, Konstituzionalak eman duen erabakia bezalakoak saihestuko lirateke etorkizunean.

Errealitatea, bertatik bertara

Arratsaldeko mahai inguruak mintzagai zuen ebazpenaren ondorioak aipatzeaz gain, gaur egun bizi den egoerara heltzeko egin den eta egiten ari den lanaren berri eman zuten EEPko eta Seaskako lehendakariek.

Urteagaren gidaritzapean, Curutcharry eta Jorajuriarekin batera, Internet bidez Mugerretik mintzatu zen Euskaltzaindiko buruordea. Coyos Etxebarnek hartu zuen hitza lehenik, eta Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren aurrean «borrokaren beharrezkotasuna» aipatu zuen, eta jendartearen eta hautetsien arteko elkarlana azpimarratu zuen.

Beste hizlariek ere nabarmendu zuten elkarlanaren garrantzia. Curutcharryk argi azaldu zuen: «Euskarak batzen gaitu, eta euskararen defentsan elkartuak gara». Jorajuriak kolaborazio horri esker «inoiz baino indartsuagoak» direla ere nabarmendu zuen.

Azken hilabeteotan hezkuntza arduradunekin izandako «etengabeko negoziazioak» izan zituen hizpide Curutcharryk, eta hiru eskoletan murgiltze eredua irekitzeko bidea nolakoa izan den azaldu zuen: eskoletan komunikazio hizkuntza euskara ez izatea, eta hizkuntza bakarrik klasean entzutea bertako eredua murgiltze gisa ez kontsideratzeko bidea izan da. Egungo egoera «kafkiarra» aipatu zuen, Konstituzionalaren deliberoaren ondotik, aurten murgiltze eredua ezarri duten eskola kopuru inoizko handiena izan baita.

Momentuan kezka nagusia murgiltzea dela nabarmendu zuen, ikastolek euskara eremu guztietan baliatzen dutenez, horretarako konponbide administratiborik ez baitute atzeman. Egungo egoera «katastrofikoa» dela baieztatu zuen.

Horren haritik Jorajuriak esan zuen: «Lanjeran gara, zer egin behar dugu? Irtenbide juridikorik ez da, gure kontrakoena dogma bat baita, eta hori eramaten dutenak boterean baitira».

Seaskako presidenteak azken hilabeteotan izandako erabaki historikoen gibelean gertatutakoaren kontakizuna egin zuen, hautetsiekin eta Estatuko beste eskualdeetako mugimenduekin izandako elkarlana, eta egindako lobby lana. Parisen hizkuntza gutxituen sostengu politiko eta soziala handitu zela ikusirik, «teknokratek, jakobinoek horren kontrako bonba nuklearra» erabili zutela esan zuen, Konstituzionalaren ebazpena gogoan.