Texto: Joseba SALBADOR

GErtuko merkataritza bultzatzeko bigarren kanpaina abian da Altsasun

Iazko arrakastaren ondoren, Altsasuko Dendarien Elkarteak eta herriko Udalak kontsumorako bonuen bigarren kanpaina jarri dute martxan irail honetan, herritarrek 30 euroren truke 40 euroko erosketa egin dezaten. Tabernariek ere beste kanpaina bat izango dute, oso antzekoa baina zozketa bidez egingo dena eta azarora arte iraungo duena.

gara-2021-09-09-Noticia

Pandemia egoeraren okerrena pasatzen hasi dela badirudi ere, dendari eta tabernariek bultzada berri bat izango dute aurten, orain arte bizi izandako zailtasunei aurre egiten laguntzeko eta, bide batez, herritarrei ere ikasturte hasiera honetan laguntza txiki bat emateko.

Horrela, iazko arrakastaren ondoren, Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) eta herriko Udalak kontsumorako bonuen bigarren kanpaina jarri dute martxan. «Altsasu, oso gertu» izena daraman kanpaina, hala ere, ez da joan den urteko datuetara iritsiko. Iaz 4.000 bonu baino gehiago banatu ziren Udalak emandako 50.000 eurorekin, eta aurten 1.580 euro banatuko dira, Udalaren ekarpena 17.000 eurokoa izan baita.

Kanpaina honen bidez, Altsasuko herritarrek 30 euroren truke 40 euroko erosketa egin dezakete, betiere irailaren 30a baino lehen. Bonuak jasotzeko Iortia kultur gunera joan behar da irailaren 24 baino lehen eta bertan NANa erakutsi, pertsona bakoitzeko bonu bakarra hartu ahal izango baita.

Guztira, 52 dendarik parte hartu dute aurten kanpaina honetan, batzuk ADE elkartekoak eta beste batzuk ez. Hori bai, guztiek 300 metro karratu baino gutxiagoko saltokia izan behar dute, kanpainaren helburua tokiko merkataritza txikiari laguntzea baita.

Bonuak non erabili jakiteko, www.sakanakodendak.eus atarian parte hartzen duten denden zerrenda jarri dute.

Iazko kanpainaren emaitzei dagokienez, txartelak gehienbat modan, oinetakoetan eta osagarrietan trukatu ziren (%45,10), baita kirolean (%15,17) eta liburu-papergintzan (%8,04) ere.

Ostalaritzak bere kanpaina

Merkataritza bultzatzeko kanpaina honetan aurten ez dute ostalariek parte hartuko, hauek kanpaina berezi bat izango baitute: “Ostalarien tonbola”.

Funtzionamendua oso antzekoa izango da, kontsumitzen diren 40 euroetatik 30 bakarrik ordaindu beharko baititu bezeroak. Hala ere, kasu honetan txartelak ez dira kultur gunean banatuko; bezeroen artean zozketatuko dira.

Kanpaina honetan 1.400 txartel saridun egongo dira, Udalak 14.000 euroko aurrekontua jarri baitu. Saria lortzen duten bezeroek urriaren 1etik azaroaren 30era arte izango dute bonua erabiltzeko epea.

Kanpaina honetan zenbat tabernarik parte hartuko duen zehazteke dago, oraindik zabalik baitago izena emateko epea. Hala eta guztiz ere, bertan parte hartu ahal izango dute taberna, jatetxe, kafetegi, txokolategi zein izozki-dendek.

Saritutako txartelek ostalaritza establezimenduaren izena eramango dute eta horietan erabili beharko dira. Hori bai, ezin izango dira tabakoa edo loteria erosteko erabili.

Denda txikietara itzuli

Iazko arrakastaren ondoren, Altsasuko Dendarien Elkarteko kideak itxaropentsu agertu dira kanpaina honen bigarren edizioarekin, ez bakarrik dendari eta tabernariei eragingo dien onuragatik, baita herritarrei egingo dien mesedeagatik ere, batez ere ikasturte hasieran gastuak asko handitzen direlako.

Horrekin batera, mota honetako kanpainek tokiko merkataritza bultzatzeko duten balioa azpimarratu dute. «Konfinamendu garaian jende asko konturatu zen gertuko merkataritzak eskaintzen duen zerbitzuaren garrantziaz, eta lehen hiriburuetako zentro komertzialetara joaten zen jende asko orain berriro denda txikietara bueltatzen hasi da», diote.

Hori bai, konfinamenduak bultzada handia eman zion Internet bidezko salmentari ere. Horren jakitun, Sakanako hainbat dendarik Top Topa plataforma jarri dute martxan aurten, denda txikien erakusleiho izateko helburuarekin.