Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Sasimeteorologia

Aski ezaguna da Euskal Herrian meteorologiak daukan tirada, batez ere sare sozialetan. Ehundaka dira meteorologiaren inguruan informazioa eman eta beraien bizipen eta iritziak elkarbanatzen dituztenak. Oso aberasgarria deritzot gainera. Azken urteetan oso modan jarri da titulitis deritzona, hau da, gai zehatz batean titulua duenak, bere burua titulua ez duen pertsona baten gainetik jarri beharra. Baina argi dago meteorologia munduan badela titulurik izan gabe titulua daukanaren maila bera edo gehiago duen jendea.

Gainera, bada titulitis-a baina gauza kaltegarriagorik ere, eta hori sentsazionalismoa da. Azken hilabeteetan eta urteetan komunikabide batzuen aldetik eguraldi iragarpenen erabilera kaskarra egin da eta horrek eguraldi iragarleon irudia erabat kaltetu besterik egiten ez duela iruditzen zait. Kazetariek, iragarpenek duten zailtasuna batere kontuan hartu gabe, epe ertain, luzeko iragarpen bat hartu eta bertatik apokalipsia iragartzen dute. Adibide esanguratsua Cabo Verde inguruan sortu den zikloi tropikalaren inguruan eman dena. Komunikabideren batean irakurri nuen Kanaria uharteak joko zituela, kalteak eraginez, bertara iristeko probabilitatea %5-10 zen bitartean.

Har dezagun zientzia hau modu serioagoan. Bestela, izan ere, gure lanak sinesgarritasun osoa galtzen du.