Sukarrafest musika jaialdiaren lehen edizioa Altsasun

Aurten ere ez da jairik ospatuko Altsasun, baina irailean aspertzeko denborarik ez dute izango Sakanako herrian. Alde batetik, Altsasuko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu udako egitarauari jarraipena emanez, eta, bestetik, herriko musika taldeek Sukarrafest jaialdiaren lehen edizioa antolatu dute, bertako taldeei jende aurrean jotzeko aukera eskaintzeko. Kontzertuak bi ostiraletan izango dira, hilaren 17an eta 24an.

Pandemiaren eraginez, kultura arloak eta, bereziki, musika emanaldiek, ez dituzte garai onenak bizi. Talde askok denbora luzea daramate kontzerturik eskaini gabe eta, egoera horrekin kezkatuta, Altsasuko musikari gazte batzuei Sukarrafest jaialdia antolatzea bururatu zaie, bertako taldeei jende aurrean jotzeko aukera emateko eta herriko gazteei ere kultur eskaintza zabalagoa helarazteko.

Antolatzaileen hitzetan, «udan Altsasun hainbat kultur ekitaldi izan da, baina guztiak kanpotik ekarritako taldeak izan dira. Pena izan da bertako talderik ez egotea, herrian hamar talde inguru egonda. Horregatik pentsatu dugu jaialdia antolatzea».

Horrela, Sukarrafest jaialdia antolatu dute lehen aldiz. Punk, rock eta metal estiloko kontzertuak bi ostiraletan izango dira, hilaren 17an eta 24an. Lehen egunean Haizkan, Atzapar Rock eta Daeshtxarge taldeek joko dute, eta, bigarrengoan, Xuar, Deserrite eta Dentera taldeek.

Emanaldietan osasun neurri guztiak beteko dira, noski. Horrenbestez, gehienezko edukiera izango da, ikusleek eserita egon beharko dute segurtasun distantzia mantenduz eta maskara derrigor jantzi beharko da.

Ordutegia ere arratsaldez jarri dute, gauez arazorik izan ez dadin. Horrela, kontzertuak arratsaldeko seietan hasiko dira eta hamarretan puntuan bukatu. Antolatzaileek ere argi utzi nahi izan dute ekitaldi honen izaera kulturala, ikusleek argi izan dezaten ez dela jai giroko ekitaldia.

Jaialdiaren antolatzaileek ez dute Udalaren dirulaguntzarik jaso, baina bai laguntza teknikoa. Izan ere, musika tresnak eta argiztapena Udalak eskaini dizkie. Era berean, baimen aldetik ere arazorik ez dutela izan nabarmendu nahi izan dute ekimenaren antolatzaileek.

Aurtengo jaialdia lehena da, baina asmoa bakarra ez izatea da, datozen urteetan ere jarraipena izateko helburuarekin jaio baita Sukarrafest. Horregatik argi utzi nahi izan dute kartelean aurtengoa «lehen edizioa» dela.

«Altsasu, gau hura»

Udalaren kultur egitarauari dagokionez, joan zen asteburuan izandako zirku jaialdiaren eta Altsasuko erraldoien emanaldiaren ondoren, asteburu honetan ez da inolako ekitaldirik izango herrian.

Egitarauak datorren larunbatean izango du jarraipena (irailak 18), “Altsasu, gau hura” filmaren estreinaldiarekin (17:00 eta 19:30). Marc Parramon eta Amets Arzallusen ikerlanak «Altsasu auziaren» tratamendu mediatikoa eta euskal gatazkarekin duen lotura azaltzen ditu.

Igandean, hilak 19, “Juntos” antzezlana ikusteko aukera izango da, 19.30ean. Komedia hunkigarri eta samur horretan Kiti Manver, Gorka Otxoa, Ines Sanchez eta Marta Velilla aktoreek hartzen dute parte.

Hurrengo asterako, Guillermo Piqueroren “En el vientre de Mari” liburuaren aurkezpena eta Andrea Santiago kantariaren emanaldia daude iragarrita.