GARA
iruñea

Laguntza bidezko ugalketarako oztopoak dituzte ama bakarrek

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordearen bilkuran atzo MSPE Nahitako Ama Ezkongabeen Elkarteak salatu zuenez, laguntza bidezko ugalketa tratamenduetan diskriminazioa jasaten dute ama bakarrek. Marisa de Simon I-Eko legebiltzarkideak eskatutako lansaio batean parte hartu zuten elkarteko Izaskun Gamen, Teresa Marin eta Marta Sousak. Aipatu zutenez, bi gurasoko familien kasuan izango luketen asteen aitorpena behar dute ama bakarrek. Estatu mailan guraso bakarreko familien lege baten beharra ere aldarrikatu zuten.

Bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, Gamenek salatu zuen bakarrik ama izan nahi duten emakumeek ez dituztela bikoteek dituzten eskubide berberak, nahiz eta legeek berdintasunaz eta diskriminaziorik ezaz hitz egin. Ildo horretan, azpimarratu zuenez, 2016ko foru dekretuak elkarren artean «talka» egiten duten alderdiak ditu, adibidez, sexu-osasuna eta ugalketa pertsonaren garapenaren parte direla dio, ez soilik bikoteena, baina gero hori ez dator «errealitatearekin bat».

Gamenek gaineratu zuenez, aipatu dekretuak bazter uzten ditu bikotekide gabeko amak bikotekidea duten emakume lesbianei eskaintzen zaizkien prestazioetatik. Tratamendua jasotzeko aukera intseminazio artifizialera mugatzen dela ere salatu zuen, sei saiorekin. Estatu espainiarreko beste erkidego batzuek eskaintza zabalagoa dutela azaldu zuen. EAEk du zabalena, Sousak adierazi zuenez.

Gamenek azaldu zuenez 35-39 urte bitartean intseminazio artifizialaren bidez ama izateko aukera %14,2koa da. Horrenbestez, Nafarroako osasunak eskaintzen duena «loteria» bat dela nabarmendu zuen.

Erreakzioak

Navarra Sumako Cristina Ibarrolak Berdintasun Legean kontraesanak onartu eta «administrazio-isiltasuna» salatu zuen. Halaber, Gobernuak lege bat onartzen badu, Navarra Sumak betetzea eskatuko duela gaineratu zuen.

PSNko Patricia Fanloren aburuz, egungo legea berdintasun-eskubidearen aurkakoa da. Horregatik, «aldatu egin behar da».

Ana Ansak, Geroa Bairen izenean, in vitro ernalketa eskuratzeko aukerarik ez izatea «konpondu beharreko defizita» dela esan zuen.

EH Bildutik, Txomin Gonzalezek «arrazoizkotzat» jo zituen aldarrikapen hauek. Horregatik, Administrazioari «arintasuna» eskatu zion planteatutako eskaeren aurrean.

Podemosen izenean, azkenik, Ainhoa Aznarezek adierazi zuen beharrezkoa dela «foru dekretua berrikustea».