Asier AIESTARAN
PILOTA

Zesta onena, Hondarribian

Sei bikote handik hartuko dute parte ostiralean hasiko den Grand Slamean: Goikoetxea-Aimar, Erkiaga-Etcheto, Olharan-Del Rio (A multzoa), Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabala eta Hormaetxea-Manci (B multzoa).

gara-2021-09-14-Noticia

Atzo aurkeztu zuten Jostaldi pilotalekuan Hondarribiko Grand Slam txapelketa, Jai Alai World Tour zirkuituan jokatzen diren mota horretako bi lehiaketetako bat. Goi mailako sei bikote nor baino nor neurtuko dira datozen bost asteburuetan txapelaren bila.

A multzoan Goikoetxea-Aimar, Erkiaga-Etcheto eta Olharan-Del Rio bikoteak neurtuko dira. Eta B multzoan, Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabala eta Hormaetxea-Manci. Multzo bakoitzeko bi onenek urriaren 9an jokatuko diren finalerdietarako txartela eskuratuko dute, eta finala urriaren 15ean jokatuko da.

Lehiaketa ostiral honetan abiatuko da, 20.00etan hasiko den jaialdian, eta lehen bi norgehiagokak hauexek izango dira: Goikoetxea-Aimar Erkiaga-Etchetoren aurka eta Arbe-Lopez Beaskoetxea-Zabalaren aurka. Aurkezpen ekitaldian aipatu zutenez, ETBk jaialdi guztiak emango ditu telebistaz, nahiz eta zuzenekoak ez izan.

«Orain dela 15 urte Hondarribia ez zen existitzen zestaren munduan eta orain eskolarik eta lehiaketarik onenak dauzkagu», nabarmendu zuen Mikel Egiguren Jai Alive enpresako gerenteak. Jony Amboage, Hondarribiko Pilota Eskolako ordezkariak, bestalde, gurasoen eguneroko lana eskertu zuen. «Pena da pilotalekuaren edukiera mugatua izatea, baina hala ere ziur jaialdiekin gozatzeko aukera izango dugula», esan zuen Jostaldin 300 bat pertsona sar daitezkeela gogoratuz.

Urrezko Pala, Mungian

Palari dagokionez, II. Urrezko Pala Pro Txapelketa ere atzo aurkeztu zuten Mungian, lehiaketa oso-osorik hartuko duen herrian. Txapelketa ostiralean hasiko da, 19.00etan, eta finala urriaren 30ean jokatuko da. Lau aurrelarik –Gaubeka, Fusto, Necol eta Ibarguren– eta lau atzelarik –Ibai Perez, Gordon, Urrutia eta Del Rio– hartuko dute parte lehiaketan. Jardunaldi bakoitzeko bikoteak zozketa bidez erabaki dira eta neurketa bakoitzean puntuak banatuko dira pilotarien artean egindako jokoen arabera. Sei jardunaldiko ligaxkaren amaieran puntu gehien dituzten bi aurrelariek eta bi atzelariek finala jokatuko dute.