Iker GURRUTXAGA
musikharia

«Uda» diskoarekin lau urtaroen zikloa itxitzat eman du Iker Laurobak

Iker Lauroba musikari donostiarrak lau urtean lau urtaroen inguruan idatzitako disko bana kaleratzeko erronka zuen aurrez aurre eta bete egin du azkenean. Gainera, iragarri bezala, kantu freskoz beteta etorri da «Uda» disko berria. Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko du urriaren 6an emango duen kontzertu berezian, lagunez inguratuta.

Diskoa udako azken egunarekin kaleratzea zen Iker Laurobaren asmoa; «baina udako azken egunean Zinemaldiaren daten barruan zegoenez, Naiara Egimendiak esan zidan aurreratzeko», adierazi du; hartara, gure eskuetara iritsi da dagoeneko “Uda”. «Nahasketak ez ditut nik egin oraingoan eta martxorako-edo prest neukan diskoa. Uda ona eta lasaia izan dut, ez dut bizitza interesgarriegia urtero istorio berriak sortzeko. Beste kulturako hainbat esparrutan fikzioa ez da benetan oinarritutakotzat hartzen beti, zinean batez ere, baina musikariok beti guretik ari garela dirudi, nahiz eta ez den kasua. Maitasun ‘ñoñoa’ nahi nuen erakutsi, uda bukaeran denboraldi batez bizitako maitasun istorioari ihes egiten uztearen irudia erakutsi nahi nuen eta horrela sortu zen ‘Uda’ kantua bera», azaldu du musikari donostiarrak.

Disko honetan, besteak beste, naturarekin dugun harremana erakusten saiatu da Iker Lauroba. «Aurtengoa nahiko uda euritsua izan da eta udazkena datorren honetan uda badatorrela dirudi. Eguraldia eta mundua aldatzen ari dira etengabe eta, ‘Kilima aldaketa’ abestian, ni Lur planetaren tokian jarri eta bertako biztanleei abestu nahi izan diet. Mundua ferekatzeari utzi diogula aspaldian aipatu nahi izan dut, hura zaintzeari», aipatu du Laurobak. Bideoklipa Imanol Gurrutxagak egin du eta agertzen diren musikarien artean Izaro ikusi dugu. «Betidanik gustatu zait halako bizarrokeria bat edo sartzea. Zuzendariek beren burua zuzentzen ari diren film bateko planoan sartzen duten moduan sartu dugu Izaro. Hortaz, Izarori proposatu nion baxu-jotzaile moduan agertzeko eta jarrera oso onarekin agertzen da; bere bandan taldekide duen Julen Barandiaran ‘Txiki’-ren jarrera hartu eta berera eraman du. Hasieran ez da nabari akaso bera denik, baina une batez ikusten da garbi.

Naturarekin harremanetan

Klimarekin eta hainbat natur fenomenorekin jolasean aritu da, beraz, Lauroba eta “Marea bizia” abestia hor kokatzen da. Gainera, irailean izaten dira urteko marea bizienetakoak. Donostiako Santa Klara uhartera oinez iristeko aukera izaten da eta ea bertan biziko litzatekeen galdetu diogu musikari donostiarrari: «Uhartean biziko nintzateke, barkutxo bat hartu eta atzera eta aurrera ibiliz noizean behin». Bertan, ordea, orain polemika sortu duen eskultura bihurtu dute Santa Klarako itsasargia. «Faroaren eskultura bisitatzeko barkuan joan behar izateak akaso ez du zentzurik, jakinda gainera hegaztiak ugaritu direla gu etxean egon garen denboran. Beste toki egokiagorik bada halakorik jarri nahi bada; jarri behar den edo ez, beste eztabaida bat da, ordea», esan du donostiarrak.

Itsasoan abesten ohituta dago ordea, uhartearen bueltan, Iker Lauroba. Izan ere, udan, Donostia Hiria ontzira igo eta kontzertuak eskaintzen ditu asteazkenero. «Niregatik balitz, nire ogibidea litzateke hori. Aurten asteazken askotan euria egin du eta ez dugu aurreko urtean bezainbeste kontzertu eman itsasontzian, baina zoragarria da. Berrogei minutuko bi pase izaten dira, sekulako bistekin, itsasoaren erdian, jendeak errespetatzen gaitu… 19.00etan eta 20.00etan izaten dira paseak eta ilunabarra ere ikusten da irailetik aurrera. Hartara, argazki idiliko asko izaten da. Asko asetzen nauen lana da itsasontzian jotzearena», gaineratu du Laurobak.

Kantu malenkoniatsuak eta maitasunaren inguruan idatziak izaten dira asko, baina abiapuntua oso bestelakoa izaten du, Laurobak kontatu digunez: «Normalean letrak egiteko orduan gitarrarekin jolasten hasten naiz eta melodia horrek nire barruko zein egoeratara eramaten nauen begiratzen dut. Nostalgiko jartzen banaiz, bada, goibeltasun horretara zuzentzen naiz eta bereziki eroso aurkitzen naiz. Baina pertsona alaia naiz gero, edo hori uste dut! Hala ere, ‘Uda’ idazterakoan kosta zait, esfortzu bat egin behar izan dut letrak idazterakoan, alaitasuna nahi bainuen kantuetan. ‘Marea bizia’ atenporala da, hala ere, ‘Udazkena’ edo ‘Negua’ diskoan sar zitekeen».

Hitzekin jolasean

Bossa nova estiloan ezer esan nahi ez duten fonema asko erabiltzen dira eta haiekin ere jolasean aritu da Lauroba, soinu horiek hitzekin jantziz: pake bailara, banpiro bi, lanparara, esan ba… «‘Pake bailara’ hori ezerezetik sortu zen eta gainera gazteleraz ‘pa' qué bailara ere’ uler daitekeenez, zentzu bikoitza du. Kuban izan nintzenean, covid aurreko udan, Duo Jade osatzen dutenen etxean izan nintzen. Euskal Herrian izaten dira haiek tarteka. Bada, bertan nintzela son kubatarra sortzeko ideia sartu zitzaidan buruan eta hango iruditeria ekarri dut abestira». Baina irudiaz gain, doinua ere bai, tresero kubatarraren soinuak benetan Kubara eramaten gaituelako. «Oscarrek bikain jotzen du, La Jodedera taldean ere aritzen da, eta nik treseroa badudan arren, abestia oso kubatarra izatea nahi nuen. Erritmoaren ikuspegi oso berezia dute latinoamerikarrek, gu oso karratuak garelako akaso, eta hark prestatu zuena erakutsi zidanean, lehen notatik liluragarria iruditu zitzaidan. Gainera, Kubako lagunei erakutsi zien kantua Oscarrek eta haien mezu positiboak iritsi ziren bueltan. Ohore hutsa niretzat, jokoa pasa dut», adierazi du Laurobak.

Jende onaz inguratu da beste behin ere Lauroba. Josu Erviti eta Hilario Rodeiro aritu dira batera jotzen, Rayco Gil perkusioan, Nerea Alberdi haize instrumentuen moldaketetan eta ahotsetarako Leire Berasaluze, Sara Azurza, Olaia Inziarte, Fariba Sheikhan eta Esti Markez izan ditu bidelagun. «Parte hartzen dutenek kanpotik kantua bere egiten dutenean, beste ukitu bat ematen diote eta abestia asko aldatzen da. Gainera, emakumeen ahotsarekin jolasten saiatu gara bereziki diskoan eta horrek batez ere doinu brasildarrak dituzten abestietan eragin du», nabarmendu du donostiarrak.

Victoria Eugenian

Oinak lurrean izanda sentitzen den bertigoa aipatzen du diskoaren zati batean eta urriaren 6an duen kontzertuari begira ea bertigorik sentitzen duen jakin nahi izan dugu. Izan ere, Victoria Eugenian izango da Beste Urtaroak lagun dituela. «Urte asko pasa ditut hau amesten, Victoria Eugenian jotzearekin zenbat amestu izan dudan batek daki. Izarorekin nolabait ere bete nuen amets hori, Sonakayrekin ere abestu nuen behin… Baina nire kantuekin egoteak eta haiekin jendea erakartzeak urduri jartzen nau, batetik, eta zeharo betetzen nau, bestetik. Gainera, antolatzaileek ere ikusiko dute horrela Iker ere gai dela jendea erakartzeko, etorkizunean ere konfiantza izan dezaten nigan, eta momentuz salmenta oso ondo doa. Jony Camacho, Izaro, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Lucas Delgado eta Esti eta Mikel Markez gure ondoan izateak zerbait bakarra bihurtzen du kontzertu hori; oso gutxitan gertatzen dena eta niri behin bakarrik gertatu zaidana. Jendeak uste dut ulertu duela hori eta pozik nago. Dagoeneko, gainera, kolaboratzaileekin prestaketa lanean gabiltza», aurreratu du Laurobak.