Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Erremate bikaina Santurtzirentzat

«Soterak» El Corte Ingles Bandera ospetsua astinduz eman zion amaiera denboraldiari, aurreko astean Kontxan lortutako garaipenari Eusko Label Ligakoa gehituz. Beste behin, kale zozketak erabat baldintzatu zuen azken jardunaldia.

Santurtzik amaiera ezin hobea eman zion denboraldiari atzo Portugaleten, bigarren urtez jarraian irabazi duen Eusko Label Liga ospatzeko El Corte Ingles Bandera ere bereganatuz. Urteko zortzigarren garaipena izan zen “Sotera”-rentzat Ligan eta, gainera, etxeko gazte batek ere (David Nuñez) debutatzeko aukera izan zuen traineruan. Udan Hondarribiarekin lehia estua izan duen arren, moreek argi utzi dute indartsuago heldu direla azken txanpara.

Hala ere, atzoko garaipena ulertzeko ezinbestekoa da kale zozketa aipatzea. Mareak bete-betean igotzen harrapatu zuen ohorezko txanda Ibaizabaleko itsasadarrean, eta hirugarren eta laugarren kaleak nabarmen hobeak ziren aurreneko biak baino. Oriok egin zuen arraun laugarren kalean eta Santurtzik, hirugarrenean. Hondarribiak eta Donostiarrak, lehen bi kaleetan, ez zuten inolako aukerarik izan lehiakorrak izateko.

Lehen txandan ikusi zen bezalaxe, Oriok abantaila izan zuen joaneko luzeetan, eta estropadaren burua hartzea lortu zuen. Baina tarte horiek txikiegiak izan ziren itzuleran lasai hirugarren kalean sartu ahal izateko –hiru segundo lehen ziabogan eta bi hirugarrenean–, eta Santurtzik bikain defendatu zuen bere kalea. Ugaitz Mendizabalek, Orioko patroiak, bere trainerua ababorrera bota beste erremediorik ez zuen izan, epaileak hala aginduta behin baino gehiagotan, eta santurtziarrek ederki baliatu zuten egoera azken txanpa ikusgarrian aurrea hartu eta urteko azken bandera ere bereganatzeko.

Santurtzik 19:12.98ko denbora markatu zuen helmugako balizetan eta Orio denboraldiko lehen bandera eskuratzetik 2.12 segundora gelditu zen. Pena handia horientzat, baina gutxienez sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu zuten, harrobiko horrenbeste arraunlari dituen traineru batentzat meritu handiko emaitza.

Txanponaren beste aldea Donostiarra eta Hondarribiarentzat izan zen. Donostiarrek seigarren amaitu zuten atzoko estropada, irabazlearengandik 30 segundora, eta hirugarren postua galdu egin zuten. Hondarribia zazpigarren izan zen, 45 segundora eta segundo bakar bategatik ez zuten azken postuan amaitu. Urteroko kontua da, baina ez dirudi onargarria goi-mailako kirol batean zozketa huts batek horrenbeste baldintzatzea azken emaitza.

«Ez dago gehiago eskatzerik. Bagenekien joaneko luzeetan sufritzea tokatuko zela, eta horretan saiatu gara, Orioren ubera hartu eta ahalik eta denbora gutxien galtzen. Eta itzulerako luzeetan, aldiz, jo egin dugu eta Orio atzean uzteko gai izan gara», aztertu zuen atzoko estropada Gorka Aranberri patroiak.

Denboraldiari buruz, «zoragarria hizki handiz» izan dela esan zuen zarauztarrak. «Horretara etorri nintzen, arraunaz gozatzera, eta halaxe egin dut. Ez amaierako garaipenekin bakarrik, bidean egindako lanarekin ere bai. Hasieratik oso lan ona egin dugu eta arraunlari hauek merezi zuten saria», gehitu zuen bere hirugarren Liga irabazi duen Aranberrik.

Atzoko eskifaia irabazlea hauxe izan zen: David Duran, David Iglesias, Oscar Andres Medina, Javier Sayans, Jon Etxaniz, David Nuñez (istriborrean), Yeray Cayon, Fernando Rua, Fernando Ruiz, Diego Hermo, Sorin Silviu, Ander Zabala eta Mikel Azkarate (ababorrean), Gorka Aranberri patroi zutela.

Labur aipatuta, lehen txanda oso antzekoa izan zen, baina kasu horretan Zierbenak ez zituen horrenbeste arazo izan lehen kalean, eta txandako garaipena lortu zuen, azken txanpa ikusgarrian laugarren kaletik irten zen Urdaibairi aurrea hartuz. Zierbena hirugarren izan zen Juan Zunzunegui arraunlari eta prestatzailearen azken estropadan –Galiziara doa, baina arraunari lotuta jarraituko omen du–.

Tolosaldea, Getaria eta Kaiku, gorengo mailara

Igoera play-offeko bigarren jardunaldiari dagokionez, Tolosaldea, Getaria eta Kaiku izan ziren datorren urtean gorengo mailan lehiatzeko txartelak eskuratu zituztenak. Ospakizun eguna izan zen arrauna oso modu berezian bizi duten hiru herri horietan.

Emakumeekin hasita, Tolosaldeak argi utzi zuen berriz ere play-offean parte hartu duen laukoteko indartsuena dela eta ongi merezita lortu zuen datorren urtean Euskotren Ligan aritzeko aukera. Tolosarrek 10:32.98ko denborarekin irabazi zuten atzoko erlojupekoa, bezperan baino askoz hobeto moldatu zen Hondarribiaren aurretik. Hori bai, atzo bien artean ikusitako 3.26 segundoko aldea larunbateko tarte handia baino askoz logikoagoa izan zen. Deustu hirugarren izan zen eta ez zuen inoiz benetako aukerarik izan Tolosaldearen igoera arriskuan ipintzeko.

Gizonezkoei dagokienez, Kaiku izan zen azkarrena bigarren jardunaldian eta horri esker igoera ospatu ahal izan zuen, atzo bigarren amaitu zuen Getariarekin batera. Azken sailkapenean getariarrek amaitu zuten lehen postuan bederatzi punturekin, eta laugarren saiakeran lortu dute lehen aldiz TKE Ligan arraun egiteko txartela. Kaikuk, aldiz, iazko jaitsieraren ostean nahikoa izan du urte bat berriz ere gorengo mailara itzultzeko.

Euskaldunen pozak galiziarren tristura ekarri zuen. Bermeon bigarren egin zuen Meirari azkenean ihes egin zion igoerak, nahiz eta atzo ere estropada oso ona egin; Tiran eta Bueu oso urrun geratu ziren berriz eta datorren urtean Galiziako Ligan aritu beharko dute.Asier AIESTARAN