Asier AIESTARAN
PILOTA

Txapela jantzita ekin dio Aimarrek azken txanpari

Goizuetarrak maila ederra emanda eta Zabaleta oso on batek lagunduta irabazi du Masterseko finala.

OLAIZOLA II.A-ZABALETA 22

ELEZKANO-MARIEZKURRENA 10


San Mateon jokatuko duen azken torneoan gertatzen dena gertatzen dela, Aimar Olaizolak argi erakutsi zuen, atzo, Ogetan maila bikainean esango diola agur bere ibilbide profesionalari. Aurreko asteazkenean laster erretiroa hartuko duela jakinarazi osteko lehen partidan, Caixabank Mastersa irabazi zuen, finalean, Jose Javier Zabaletarekin, Elezkano eta Mariezkurrena 22-10 menderatuz.

Uda osoan ikusitakoari jarraipena emanez, Zabaleta izan zen benetako diferentziak markatu zituena, baina Olaizola ere bikain aritu zen aurrean aginte hori baliatzeko orduan. Goizuetarrak zortzi tanto egin zituen jokoan, beste bat sakez, eta joko-puntu onean dagoela erakutsi zuen. Ogetako harmailetan bildu ziren zaleek asko gozatu zuten haren tantoekin.

Urdinen aldetik, Jon Mariezkurrena izan zen bere kolpe eta defentsarekin gorrien erauntsiari erantzuten gehien saiatu zena. Piloteoan zenbait unetan Zabaletari eusteko gai dela erakutsi zuen; batez ere, finalaren lehen zatian, eta defentsan ere meritu handiko pilotak eraman zituen, atzean nahiz aurreko zuloan. Elezkano izan zen agian bere mailatik apur bat behera ibili zena, hein handi batean Zabaletaren merituz hori ere.

Giro bikaina izan zen Ogetan, aspaldiko partez jendea zutik eta txaloka ikusi genuen behin baino gehiagotan tanto on askoak izan zirelako, baina finalak ez zuen historia handirik izan.

Hasieratik indartsu

Gorriak oso indartsu irten ziren hasieratik, urdinak ahul samar, eta konturatzerako markagailuan 5-0koa jarri zen. Aurrez apustuak, oso argi, gorrien alde bazeuden, are gehiago hasiera horrekin. Finalerdietan gertatu zena errepikatzea zen beldur nagusia.

Urdinek, ordea, amorrua atera zuten eta norgehiagoka parekatzea lortu. Mariezkurrena pilotakada bikainak jotzen hasi zen, Elezkanok ere tanto on batzuk egin zituen aurrean, eta 6-6 berdindu zuten markagailua. Tarte horretan benetan aipagarriak izan ziren Elezkanok sinatu zituen bi horma-bikoak, 5-2koan eta 6-6koan; bikainak biak, nahiz eta Zaratamokoak askorik erabiltzen ez duen baliabidea izan.

Baina hurrengo tantoan Elezkanok berak bota zuen pilota txapa azpira, eta gorrien 7-0eko partzial bati bide eman zion. Zabaleta berriz agintzen hasi zen atzean eta Aimarrek erremate ederrak egin zituen. Markagailuan 6-6tik 13-6ra joan ziren eta hortxe amaitu zen benetako borroka Ogetako kantxa gainean.

Hortik aurrera urdinak nahi eta ezinean jardun ziren, eta gorriek mota guztietako tantoak sinatu zituzten. Pare bat nabarmentzekotan, 16-9koa (Zabaletak aurrelari lanetan ederki moztu zuen pilota batekin lortua) eta 21-10ekoa (Aimarrek amaitua Mariezkurrenaren defentsa ikusgarriaren ostean).

Azkenean 22-10 amaitu zen finala, 386 pilotakada eta ia 47 minuturen ostean. Txapelak Olaizola II.a eta Zabaletarentzat eta une bereziak Goizuetako aurrelariarentzat, zale askok berarekin argazkia atera nahi izan baitzuten agurra horren gertu ikusita.

Olaizola: «Hau oso polita da niretzat»

«Hau oso polita da niretzat. Galduta ere egun ederra izango zen: final bat jokatzen, udan maila ona eman ostean… eta irabazita, are politagoa. Zabaletarekin jokatu dut, azken urteotan izan den atzelaririk onenarekin, eta hori ere pozgarria da», eskertu zuen Aimar Olaizolak partida amaieran.

Finalari buruz, goizuetarrak onartu zuen aurkariek «lanak eman» zizkietela. «Boladak izan ditu partidak. Gu hasieran oso ongi irten gara, gero beraiek ere asko estutu gaituzte, une batean nik sakearekin asmatu dut, Zabaletak ere atzean zulo handiak ireki ditu…».

Eta bere agurrari buruz gehitu zuen horrelako partidek arrazoia ematen diotela. «Urte asko izan dira. Pilotari dena eman diot eta azken bi hilabete hauetan ere emango diot. Baina uste dut demostratu dudala maila onean esango dudala agur».A.A.