GARA
DONOSTIA

EHUk eta CITA-Alzheimerrek eritasuna prebenitzeko ituna sinatu dute

EHUk eta CITA-Alzheimerrek itun bat sinatu dute gaitz honen eta narriadura kognitiboaren prebentzioan hezkuntza, prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza zientifikoa indartzeko. Hitzarmenaren baitan, Basque Center for Alzheimer's Prevention (BCAP) zentroa sortuko dute.

Basque Center for Alzheimer's Prevention (BCAP) sustatu dute EHUk eta CITA-Alzheimerrek. EAEko zentro aitzindari horrek narriadura kognitiboa eta alzheimerra prebenitzeko teknologia aurreratuak ikertuko ditu. Bi erakundeek duela bost urte baino gehiagotik daukaten lankidetza estuaren eta jarduera bateratuaren ondorioz sortu dira BCAP zentroa eta berau barne hartzen duen hitzarmena.

Hala adierazi zuen Guillermo Quindos Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Gizarte Garapenaren arloko errektoreordeak atzoko aurkezpenean: «CITA-Alzheimer Fundazioaren eta EHUren arteko lankidetza-etapa berri honen helburua izango da alzheimerra prebenitzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzea, zenbait jakintza-alorren ikuspegitik».

BCAP zentroa askotariko arlotako ikuspegien arteko sinergiak garatzeko arragoa izango da; besteak beste, hauena: Qualiker ikerketa-taldeak alderdi sozioemozionaletik lantzen du alzheimerra; Spin taldeak mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzaile birtualen teknologiak garatzen ditu; Aldapa taldeak, bestalde, gaitzarekin lotutako datu asko sakon analizatzeko adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoa nola erabili aztertzen du.

Neurozientzien arloko beste talde batzuk ere erronka honetan sartuz joango dira, adostutako helburua lortzeko: jendarteari baliabide berriak eta hobeak eskaintzea alzheimerra prebenitzeko, pazienteak zaintzeko eta haien eta ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko.

Erronka handi bati erantzun

BCAP zentroak populazioaren zahartzeak eta alzheimerraren eta bestelako dementzien ondorioz mendekotasuna duten pertsonen kopurua handituz joateak eragiten duen erronka demografiko handiari erantzun nahi dio «alderdi zientifikotik, soziosanitariotik eta herrialde-ikuspegitik».

«Ezagutzaren egungo egoerak aukera ematen du, dagoeneko, zahartze aktibo eta osasungarriaren testuinguru batean garunaren osasuna zaintzeko eta dementzia eta alzheimer kasuen kopurua murrizteko esku-hartze goiztiarreko eta prebentzioko estrategiak aztertzeko», adierazi zuen Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoak.

Erakunde horren kalkuluen arabera, gaixotasunaren prebalentzia-kopuruak Eustat-ek argitaratutako datu demografikoetara eta proiekzioetara estrapolatuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaur egun 40.000 gaixo baino gehiago egongo lirateke eta, 2050ean, 75.000 inguru izango lirateke.