GARA
BILBO

Bizkaiko bertsogintza polinizatzera dator txapelketa

Udazkenarekin bertsolari txapelketen krisalida urratuko da. Iparraldeko Xilabarekin eta Nafarroakoarekin batera egingo da Bizkaikoa ere, bertsogintzari «arnasa berria» emateko, bertsolaria «etxean» sentiarazteko eta zaleek gozatzeko ilusioz. Durangon hasiko da, urriaren 3an, eta Bilbon bukatu, abenduaren 18an. Tartean, sei kanporaketa eta hiru finalaurreko.

Izurriteak eragin zuzena izan du bertso plazan, baita txapelketetan ere. Eta iaz egitekoa zen txapelketa aurrera ateratzeko, «bloke trinko bat» dabil gogotsu lanean Bizkaiko Bertsozale Elkartean. Tximeletak lez, krisalidatik irten eta hegaz abiatuko dira Durangotik urriaren 3an, herriz herri bertsogintzaren loreak polinizatuz, abenduaren 18an Bilbon jokatuko den final handia helmuga.

Belate Olabarria elkarteko presidentea, Ione Narbaiza koordinatzailea eta Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak aurkeztu zuten atzo, Bilboko Rekalde aretoan.

Esan zutenez, sei kanporaketa egingo dituzte, 2018an baino bat gehiago. 36 bertsolarik kantatuko dute, udaberriko fasetik sailkatutako 28k eta 2018ko finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik.

2018ko zortzi finalistak

Lehendabiziko kanporaketa Durangon jokatuko da, domekarekin, San Agustin kulturgunean, 17.00etan hasita. Ander Elortegi, Asier Galarza, Beñat Bilbao, Ibon Ajuriagojeaskoa, Inazio Vidal eta Iruri Altzerreka igoko dira oholtzara.

Igorre, Ortuella, Mungia eta Elorrio hornituko dituzte bertsoz hurrengo saioetan. Seigarren kanporaketa azaroaren 7an izango da, Getxon, eta orduan jakingo da zein hamar bertsolari sailkatuko diren finalaurrekoetan kantatzeko.

Han izango dituzte zain 2018ko zortzi finalistak. Zozketaz, horrela banatu dira: Etxebarrian Miren Amuriza eta Onintza Enbeita arituko dira kantari sailkatuekin; Galdakaon, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue eta Xabat Galletebeitia; eta Larrabetzun, Eneko Abasolo “Abarkas”, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal.

Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak igaroko dira Bilbao Arenako final handira.

Antolakuntzak sarrerak Internetez erostea aholkatu du, edukiera kontuekin arazorik ez sortzeko. Bertsosarrerak.eus-en dago erosteko aukera. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia irekiko litzateke, 16.00etatik aurrera.

Pandemiaren eraginez ezarritako neurriak errespetatzeko eskatu zuten, guztion osasunaren eta zaintzaren alde.

Krisalidaren irudia erabili zuten txapelketaren mezua azaltzeko. Esan zutenez, normalean norbanako batek idazten du mezua; aurten, ordea, talde antolatzailea arduratu da. «Tximeletak larban lez egon bagara be, ez da izan beldarrak zintzilik lez lotan edo geldi egon garelako. Indar berriak hartu eta ilusioak elikatzen egon gara, irtenbide berriak hausnartzen», idatzi dute.

«Covid luputzar honek tartetxoren bat eman digun bakoitzean sarea apurtu, animoak puztu, eta kanpora irten gara ilusioz eta gogoz gainezka. Baina gure ilusioak argia lez ibili dira izetu eta amatatu», dio mezuak.

Orain, tximeletak lez, krisalidatik irten eta hego koloretsuak zabaltzeko ordua heldu da. Eta hegaldia ederra izan dadin, «Arabar Errioxako mahats mordo sendo bat» bezalako bloke bat osatu dute, «leiak ez txingorrak kikiltzen ez duena». Honakoek esaten dute: antolatzaile, epaile, gai-jartzaile, aurkezle, komunikatzaile, zuzendaritza…

«Gure asmoa eta helburua bertsolaria etxean balego lez sentiaraztea da, eta bertsozaleak ahalik eta gehien gozatu dezala saiorik saio. Baita euskara eta gure herrialdeko bertsogintza berbiztea be, beti aurrera begira», adierazi dute mezuan.