Flamenkoaren «Arima» taularatuko du La Pulga-ren Berriketan taldeak
Flamenkoa eta euskal kultura uztartzeko hainbat saiakera egin izan dira, eta horien artean dago «Arima» ikuskizuna, Berriketan taldeak gaur bertan estreinatuko duena Gasteizko Ibai Ondo gizarte-etxeko Felix Petite aretoan, iluntzeko zortzietan. Txalapartaren ttakun hotsak buleriatan entzun ahal izango dira hitzordu berezi horretan.

Bere sustraiei eutsi nahi izan die Askoa Etxebarrieta La Pulgak flamenkoan barneratu denean, eta horren inguruan sortu zuen Berriketan proiektuarekin “Arima” deituriko ikuskizuna estreinatuko du gaur, Gasteizen. Txalaparta eta flamenkoa uztartzen dituzte proiektu honetan, nahiz eta aurretik ere antzinako instrumentuarekin arituak ziren Berriketan taldearekin.
Emanaldi honetan, txalapartaren ttakun hotsak buleriatan entzun ahal izango dira, dantzariaren takoneoak alegrietan eta quejío flamenkoak zortzikoetan, gitarra eta euskarazko cantearekin lagunduta denak. Urteak eman dituzte ikerketa-lanetan eta kultura herrikoi bi batzen dituzten bizipen artistikoak aurkitu dituzte flamenkoaren eta txalapartaren arteko fusioan, Antonio Lizana produktore musikal moduan eta Leonor Leal aholkulari koreografiko moduan dituztela.
Berriketan proiektuan Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariak, Adrian Larrañaga perkusionista, Miguel Linares gitarra-jotzailea eta Angel Lopez Toro eta Eider Elorza abeslariak izango ditu bidelagun La Pulgak. Aurretik ere beste modu batera lotu zituen flamenkoa eta euskal kultura, “Gorria” deituriko ikuskizunarekin. Lan horretan, Miren Amuriza lagun zuela, bertsoa eta flamenkoaren arteko nahasketa dotorea garatu zuen. Amurizak berak, Ruben Sanchez de Bakaikoak eta Aitziber Etxebarrietak idatzitako letrak ere entzungo dira emanaldian.
Estreinaldia Gasteizko Ibai Ondo gizarte etxeko Felix Petite aretoan izango da, gaur.
La Pulga
La Pulga ez da andaluziarra eta ez du hango jatorririk. Etxebarrietaren etxean euskaldunak dira eta afizioak lotu zuen flamenkora, gaztetan Los Chichos, Los Chunguitos eta halako taldeak entzuten zituelako, baina baita RRVko punk musika ere. Hartara, Camaron, Pata Negra eta Kiko Veneno bezalako artistei jarraitzen hasi zen. Ezizena lagun batek jarri zion, txikia eta urduria delako, eta haren omenez mantendu du izen artistikoa.
Dantza klasikotik dator La Pulga, lau urte baino ez zituela Sofia Abaituaren akademian hasi zen Gasteizen eta, segidan, Jesus Guridiren musika eskolara pasatu zen. Carmelo Bernaola izan zuten han zuzendari, XX. mendean musika garaikideak eman duen konpositore garrantzitsuenetako bat, eta lehen belaunaldi haren parte izan zen Etxebarrieta. Behin Gasteizko bidea amaituta, Bilbon Solange Lefortekin eta Madrilen Victor Ullateren eskolan biribildu zuen bere ibilbide akademikoa.
Aurrerago, dantza mundutik zertxobait urrunduta zegoela, Gasteizko Zaramazuloko lokal okupatuetan flamenkoko esku-zarta tailer batera joan eta han hasi zen mundu horretara gerturatzen: «Biribilean jarri eta sortzen den energia hori sekulako sentsazioa izaten da».
Etxebarrietaren aburuz, «flamenkoan murgildu nahi duenak sorlekura joan behar du, trikitia jotzen edo bertsotan ikasi nahi duenak hona etorri behar duen bezalaxe. Andaluzian flamenkoa usaindu eta bizi egiten da, edozein txokotan topa dezakezu». Hala, zortzi urtez Granadan eta Sevillan bizi izan zen bertako kulturaz janzteko eta guztia barneratzeko; besteak beste, Isabel Bayon, La Farruka, Farrruquito eta Juana Amayaren ikastaroetan parte hartuz.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
