GARA
ARRAUNA

Jose Luis Korta Kaikun ariko da beste urtebetez

Joan zen astean Jon Salsamendik Orion jarraituko duela konfirmatu bazen, Kaikuk atzo gauza bera egin zuen dagoeneko 72 urte beteta dituen Jose Luis Korta mitikoarekin, Kaikuko entrenatzaile izaten jarraituko baitu datorren denboraldian, hilaren 19an Portugaleten Sestaoko traineruak Eusko Label Ligara berriz ere igotzea erdietsi eta gero.

Sestaoko trainerua uztailaren erdialdera geratu zen Ortzaikako entrenatzailearen aginduetara. Hasieran Miguel Angel Ruiz Camusen laguntzaile izateko fitxatu bazuten ere, uztaila amaitu aurretik kantabriarraren lekua hartu zuen Kortak.

Emaitzetan berehala antzeman zion traineruak, eta, azkenengo estropadan Pedreñari aurrea hartu eta gero, Eusko Label Ligara igotzeko play-offetara sailkatzea lortu zuen Getariarekin batera. Kanporaketetan ere, Getariaren atzetik, Sestaoko traineruak lortu zuen 2020an galdutako arraunaren mailarik gorenera itzultzea, bidean Galiziako Tiran eta Samertolameu gaindituz.

Apirilaren 25ean 73 urte beteko ditu Jose Luis Kortak. Ortzaikakoa aurretik beste bi alditan ere izana da Kaikuko entrenatzaile: 1976tik 1987ra lehendabizi eta 2008tik 2018ra bigarrenez.

Sestaon emandako lehenengo aldi loriatsuan, beste hainbat garaipenen artean, Kontxako lau bandera (1978, 1980, 1981 eta 1982) eta hiru Espainiako Txapelketa lortu zituen. Bigarrenean, berriz, beste bi Kontxako Bandera (2009 eta 2012) eta elkarren segidako hiru Eusko Label Liga (2011, 2012 eta 2013) gehitu zizkion Kortak «Bizkaitarra» ontziaren palmaresari.