Jon ORMAZABAL
PILOTA

Kale gorritik gailurretik gertu egotera urtebetean

Jose Javier Zabaleta «ahalguztidunetik» harago, enpresek orain urtebete kontraturik gabe utzi zituzten Unai Laso, Jon Mariezkurrena eta Victor Esteban izan dira uda honetako garaile nagusienetakoak.

Zalantzarik ez da Logroñon amaitu berri den ezohiko pilota uda honetan, Jose Javier Zabaletarena izan dela gehien nabarmendu den izena. Binaka jokatu dituen txapelketa eta torneo guztiak irabazi ditu, era guztietako aurrelariekin gainera. Horrenbestez, oraintxe bertan ia garaiezina dirudi binaka jartzen duten edozein partidatan.

Jokin Altuna ere ezin aipatu gabe utzi, sanferminetako lau eta erdikoa irabazi eta Unai Lasoren aurka udako partidarik ikusgarrienak jokatu eta irabazita. Amezketarrari agian binaka pausu bat gora ematea da eska diezaiokegun gauza bakarra, baina, atzean Zabaletak ezartzen dituen aldeekin, kostako zaio atzealdean abantailak emanda erronka hori gainditzea.

Baina, ziurrenik, udako irabazleez hitz egiten hasiz gero, orain justu urtebete kale gorrian ziren hiru izen nabarmendu beharko genituzke, batez ere azken hamabi hilabeteotan, horietako gehienak afizionatuekin jokatzen eman dituzte, egoerari buelta ematea nola lortu duten ikusita. Orduan ere Baikok hartutako erabakia ulergaitza bazen, azken asteotako partidak ikusita are nekezagoa egiten da ulertzea nola utzi nahi izan zituzten halako etorkizuna duten pilotariak koadrotik kanpo.

«Arrazoi komertzialak»

Unai Lasorena pilotan kirol irizpideak zeinen erlatiboak diren frogatzen duen adibide garbiena izan daiteke. Profesionaletara itzuli eta lehen txapelketan enpresako pilotari onena izan ostean –datu objektiboa da, Iruñeko kaiolan bera izan baitzen Baikoren finalera heldu zena–, uda egituratu duen Mastersetik at utzi zuten, nahiz eta gero ordezko gisa erabili, baita Aspeko Peio Etxeberriaren ordez aritzeko ere. Atxagak idatzi eta Ruperrek abestu bezala, «arrazoi komertzialak direla medio»...

Kontua da pilotazaleentzat Bizkarreta-Gerendiainekoa pilotaririk erakargarriena, edo erakargarrienetakoa bai behintzat, izanda, enpresek atzera egin eta udako apeu bezala erabili dutela, batez ere Altunaren aurkako desafioetan, kirol aldetik begiratuta iazko Buruz Burukoaren edo Lau eta Erdikoaren errebantxak ere antola zitzaketenean. Jakak ez du, nonbait, erakarmen hori, irailean pare bat partida baino ez dizkiote jarri eta.

Neguan Binakakoan Asperekin aukera bat izan ostean, Baikora bueltan, Jon Mariezkurrena izan da Bilboko enpresako udako atzelaririk onena. Txapelik ez du lortu, baina Mastersean eta Logroñon finalak jokatu izanak, atzelari «lurtarren» artean –Zabaleta kenduta– udako onena bihurtu dute. Eta egia da Zabaletaren ondoan dena dela errazagoa, baina ezin meriturik kendu bere lehen aukeran, non eta etxean, Victorrek egindakoari ere, joko fresko eta praktikoa erakutsita gorengo mailan leku bat baduela erakutsi baitu.