Ibai AZPARREN
IRUÑEA

«Uzta garaia», gizartea oinarrietatik zalantzan jartzeko liburua

Gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa gazteen esku utzi ditu Asel Luzarraga idazleak bere azken liburuan. «Uzta garaia»-n, Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiek «gizartearen oinarriak» zalantzan jarriko dituzte. Atzo aurkeztu zuen obra Elkar argitaletxearekin batera.

«Istorio ziragarrien bitartez gure gizartearen oinarri batzuk mahai gainean ipintzen, zalantzan jartzen, saiatzen naiz». Horrela laburbildu zuen atzo Asel Luzarraga idazleak bere azken liburuaren muina, “Uzta garaia”. Hori bai, asmo hori bere obra osora zabal daiteke.

“Malthusen ezinegona” eleberriarekin ziklo distopiko bat itxi ondoren, Lizarraga, orain, gazte literaturara hurbildu da bere azken liburuan. Horretarako, anai-arreba biki batzuen istorioa aukeratu du: Zigor eta Iraultza.

Urtero herrira mahatsa biltzera heltzen diren sasoikako langileen kanpamentu batean, Baazima ezagutuko dute anai-arreba bikiek, beren eskuen lanaren indarra baino ez duten «zapalduen artean zapalduena», Luzarragak berak atzo Elkar argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalekin batera egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez.

Iraultza «arima oso libre» bezala deskribatu zuen idazleak, oso «bizia» eta «ikasketarako txarra». Zigor, aldiz, «kontrapuntua» da. Mendizabalen esanetan, egileak asmatutako baina «bere ezaugarriengatik edonork irudika dezakeen» Euskal Herriko kostaldeko herri batean garatzen da istorioa. Bertan, bi bikiak gizarte oso baten ziurtasunetan arrakalak deskubritzen joango dira.

«Mundua horrelakoa dela eta beste aukerarik ez dagoela esaten da, baina Iraultza beti dabil egia absolutuak zalantzak jartzen, bere gurasoei, Karmelo eta Soniari, galdera deserosoak egiten», nabarmendu zuen, ildo horretan, Luzarragak.

Hala, zalantza existentzialen eta lagun zapalduen bidez, jabetza pribatuaz edota aberastasunaz gogoeta egingo dute besteak beste anai-arreba bikiek sasoiko langileen kanpamentuan. «Zenbat jabetza daude? Zer da jabe izatea? Eta desjabetu izatea? Gorputzaren eta maitasunaren jabetza pribatua ere ezagutuko dute, eta aberastasunaren inguruan gogoetak partekatuko dituzte», gaineratu zuen Luzarragak.

Halaber, Iraultzak eta Zigorrek, Baazimarekin batera, zapalduen barruan zapalkuntza maila ezberdinak daudela ikasiko dute, «liburuaren helburua gazteek, ondo pasatzeaz gain, galderak egitea baita, munduari beste begirada batetik heltzea», azpimarratu zuen idazleak.

«Disidentzia pilulak»

Mendizabal editoreak azaldu zuenez, liburuak baditu gazte literaturan garrantzitsuak diren ezaugarriak. «Alde batetik, neba-arrebok xalotasuna nola galtzen duten, horren galeraren deskribapena. Hori gazteentzako bereziki eginiko keinua da».

Luzarragak esandakoaren ildotik, gizartearen hainbat aspekturen gaineko begirada kritikoa nabarmendu zuen Mendizabalek. Esaterako, hezkuntza sistemari egindako kritika, «gauzak zalantzan jartzea garrantzitsua delako». Azkenik, «gazteei ekintzara pasatzeko keinu bat ere egiten die liburuak», gehitu zuen.

Kalean da, beraz, Luzarragaren hamaikagarren eleberria, gazteentzat idatzitako bigarrena. Hori bai, “Uzta garaia” irakurlea Iraultza eta Zigor neba-arreben mundura eramango duen sail labur bateko lehen liburua dela iragarri zuten. Bigarrena jada idatzitako dago, eta hirugarrena datorren urtean idatziko duela azaldu zuen Lizarragak, non bikiak beste kokaleku eta istorio batzuetara eramango dituen. Haatik, gazteei «disidentzia pilulak» eta «gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa» emateko helburuak bere horretan jarraituko du.