Jon ORMAZABAL
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETAREN AURKEZPENA

Normaltasunerako bidea hartu nahi du esku pilotak kaiolarekin

Oraindik musukoa jarrita atera zuten parte hartuko duten pilotariek aurkezpeneko argazki ofiziala, eta pilotazaleek ere frontoietan jantzi beharko dute, baina pandemiak eragindako oztopo, muga eta zalantzak atzean utzi eta normaltasunerako bidea hartu nahi du esku pilota profesionalak ostiralean Mallabian hasiko den Lau eta Erdikoarekin.

Igandean Logroñon jokatutako San Mateo Torneoaren finalarekin, enpresek amaitutzat eman dute horren korapilatsua izan den 2021-2022 denboraldia. Bada, hori nolabait ikusarazteko, Jokin Altunak iazko rankingeko pilotaririk onenaren saria jaso zuen atzo Bilbon Borja Oses EPELeko arduradunaren eskutik. Osasun pandemiak, murrizketek eta Baiko enpresako lan gatazkak eta grebak hankaz gora jarri zuten iazko txapelketen egutegia eta, tunelaren amaiera ikusten ari garela dirudien honetan, normaltasunerako urratsa izan nahi du ostiralean Artolak eta Elordik irekiko duten Lau eta Erdiko Txapelketak.

Bide horretan, kaiolako txapelketak ohiko lekua hartuko du egutegian –ostiralean hasi eta azaroaren 14an amaituko da, Aimarren agurraren hurrengo egunean–. Gainera, orain dela bi urteko lehiaketa sistema berreskuratuko du, hau da, final laurdenetako ligaxka bat izango da –Altuna, Jaka, Ezkurdia eta Bengoetxeak bertan itxarongo diete lehen kanporaketako irabazleei– eta finalerdietatik finalera bitartean astebeteko atsedena izango dute finalistek. Hori bai, finalean ez da inolako atzerapenik onartuko eta bi finalistetako batek bi aste horietan osatu ezingo litzatekeen arazoren bat izango balu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko luke, finala jokatu eta hurrengo asteburuan bertan Binakako Txapelketa hasiko baita.

Iazko hiru final nagusiak publikorik gabe jokatu ostean –Buruz Burukoa eta Lau eta Erdikoa bere osotasunean ateak itxita jokatu ziren–, ostiraletik bertatik hasita zaleak frontoira joaterik izango dute. EAEn %75ekoa izango da edukiera eta Nafarroan, atzo Chiviteren Gobernuak covid-19a dela eta ezarritako murrizketa guztiak altxatu ostean, %100ekoa. Labriten taberna ireki ahal izatea ere espero da. Hori bai, musukoa derrigorrezkoa izango da frontoietan.

Ildo horretan, Iñaxio Errandonea Aspeko ordezkariak azaldu zuenez, azkenerako udaren nahiko balantze positiboa egin dute enpresek, azken asteetan jende asko gerturatu baita pilotalekuetara, batez ere Hondarribira eta Logroñoko Adarragara.

Laso eta Victor bueltan

Kirol alorrean, normaltasunerako urrats bat bezala hartu beharko dugu ere, iazko bazterketen ostean, modalitateko egungo pilotaririk onenak lehiaketan izatea. Hau da, final laurdenetako ligaxkara lau aldiz sailkatu den Victor edo bere azken parte hartzean finalerdiak jokatu zituen Unai Laso bueltan ikustea.

Baikoko ordezkariak zeintzuk izango ziren argi zegoen bitartean, Aspen seigarren postua norentzat izango zen zalantzaren bat bazegoen, are gehiago Jose Javier Zabaletak kaiolan jokatzeko gogoa zuela esan ondoren. Azkenean, baina, Lau eta Erdikoak erabat aurrelarien txapelketa izaten jarraituko du, bai behintzat lehen mailan.

Aipatutako Victor, Laso eta Elordi –promozio mailako txapelduna izan arren atariko bat jokatu behar izan du txapelketa hamabi pilotaritara mugatuta egonda– dira aurtengo berrikuntzak, eta, kanpoan geratu direnak, Irribarria, Zubizarreta eta Arteaga. Baikok bere karteldegian atzo iragarri bezala, gainera, Lasarte-Oriakoak atariko bat jokatuko du ostiralean Mallabian Alberdiren aurka promozio mailan aritu ahal izateko.

Oinatzen azkena?

Orokorrean nahikoa txapelketa orekatua –inoiz txapeldun izan diren lau pilotarik hartuko dute parte– eta gaztea izango da aurtengoa. Alde horretatik, Oinatz Bengoetxea litzateke salbuespena, 37 urterekin bere azken txapelketaren aurrean egon daitekeelako. Leitzarrari urtarrilean amaituko zaio kontratua Baiko enpresarekin eta, momentuz, azpitik indartsu datozen gazteei «gerra ematea» baino ez du buruan. «Oraingoz ondo ikusten dut nire burua, egia esan, ez dut inongo minik. Partida on batzuk eta beste batzuk ez hain onak egiten ari naiz, baina orokorrean nik uste maila ematen ari naizela eta orain txapelketan eman nahi nuke maila hori. Jendea azpitik oso indartsu dator, kaiolakoa da fisikoki gehien eskatzen duen txapelketa, azkarrena, eta ongi egotea espero dut», adierazi zuen aurrelari nafarrak.

Azken hiru hilabeteetan kantxetatik kanpo egon behar izan duen Artolarentzat ere lehiaketara itzultzea ekarriko du txapelketak. Gogoratu behar denez, buruz buruko finalari uko egin beharrean izan zen alegiarra. «Alde batetik ilusio eta motibazio askorekin nago, baina, bestalde, jakitun naiz oraintxe bertan ezin dizkiodala nire buruari jarriko nizkion helburuak jarri. Bi partida baino ez ditut jokatu, entrenamenduak ere ez ditut soberan egin, baina gustura ari naiz lanean, asterik aste hobeto ikusten dut nire burua, eta esperantzak eta gogoak baditut. Ea zer irteten den», azaldu zuen ostiralean bertan Elordiren aurka txapelketari hasiera emango dion Alegiako aurrelariak.

 

Faborito nagusia izateak ez du Jokin Altuna kezkatzen

Txapelketa oro har nahiko orekatua izateak ez du kentzen begi guztiak Jokin Altunarengan jarrita izatea txapelerako faborito bat bilatzerako orduan. Sei aldiz hartu du parte Lau eta Erdiko Txapelketan eta azken bostetan finalean sartu da; denera 26 partida jokatu eta 19 irabazi ditu eta gainera aurtengo finala Bilbon jokatzen da, bere bi txapelak jantzi dituen kantxan, azkena iaz Erik Jakaren aurka. Amezketarrak, ordea, ez dio horri askorik begiratzen. «Garrantzitsuena orain ondo entrenatu eta prestatzea da. Seigarren finalerako txartela lortuko banu, niretzat sinesgaitza litzateke, baina hori oso urrun dago eta nik egunerokoari begiratu behar diot. Ondo lan egin eta ahalik urrunera heldu», nabarmendu zuen.

Beste urte batzuetan ez bezala, zozketan nahikoa zorte ere izan zuen Altunak, baina horrek ez du batere lasaitzen: «Zerbait handia egin nahi baduzu, lehenago edo beranduago onenekin aritu eta irabazi egin behar duzu». Gainera, «kaiolakoa desberdina da, indarrak buruz buru baino askoz orekatuagoak izaten dira. Oso arerio arriskutsuak daude eta konfiantza pixka bat hartuta irabaz diezazukete».

Joseba Ezkurdia da beste faboritoetako bat. Arbizuarrak final laurdenetako ligaxkan zuzenean sartzeak bera bezala zerrendaburu direnei «beste lasaitasun bat» ematen diela onartu zuen. «Gainera, gauzak normaltasunera itzultzen ari diren seinale ere bada. Iazkoa oso gogorra izan zen: dena presaka jokatu genuen. Lehengora itzultzen ari gara eta hori ona da denontzat», azaldu zuen.

Unai Laso izan daiteke beste hautagai sendo bat. Nafarrak prest ikusten du bere burua: «Gogotsu heltzen naiz, eta sasoi onean. Uda guztian onenekin aritu naiz eta horrek beti laguntzen du». J.O.