Jon GARMENDIA
Idazlea

Elkarri entzun

Amikuze eskualdean, Donapaleuko kantonamenduan dago Gabadi, berrehun biztanle inguruko herria, Nafarroa Beherean. Han jokatu zen Xilabako azken kanporaketa, eta hain saio ona egin zuten sei bertsolariek, ezen denak sailkatu ziren finalerdietarako. Koronabirusak bertsoa isildu egin zuen, bertsolariak isolatu, baina kantuz elkarrizketak sortzen jarraitzen dutela, sentsazio horrekin itzuli nintzen saiotik. Ofizio hau dakart horren erakusle: Egoitz Zelaia 60 urteko aita zen, beti lan berean, eta 30 urteko semea, Amets Arzallus, bizpahiru urtean behin lanez aldatzen zuena. Egoitz hasi zen: «Amets ukaitea zen lehenengo ametsa/ gerora kanbiatu da hemen interesa/ urteetan eman diot neronen babesa/ hala ere konprenitzen eni ez zait erreza/ nondik datorren zure konstantzia eza!». Amets: «Lehenik irakaskuntzan hiru urte egin/ ta gero artzain jarri nintzen Behorlegin/ azken hiru urteak pasa ditut hargin/ zuk ni ulertu nahi ez nik zu ere ezin/ dena ikusi nahi dut erabaki aitzin». Egoitzek bertso osoa entzun ziola bistan da: «Hargin ibili zara egurra tarteko/ tartea ukan duzu ardiak zaintzeko/ irakasle bezala ere irakasteko/ hala ere ez zabiltz sekula hobeto/ denbora joanen zaizu erabakitzeko». Eta jenioa beti jenio: «Lasai segituko dut goiti eta behiti/ lan batean sartzen naiz emeki-emeki/ eta aspertzerako atea ireki/ hargintza ez da egurra ai aita ederki/ nabari da lan bera ein duzula beti». Elkarri entzunda hobeto kantatzen da. Hobeto bizitzen da.