Maite BIDARTE
DONOSTIA
NAIZ IRRATIAREN DENBORALDI BERRIA

NAIZ Irratia: informazioa, musika, aisia eta, noski, entzulea

Naiz Irratiak abiatu den ikasturterako programazioa aurkeztu berri du. Entzulearen bidelagun izan nahi du eta musikaren, entretenimenduaren eta informazioaren aldeko apustua egin du. Baina ez da hiru hankako aulki herrena, laugarrena entzuleak eurak dira, «elkar ulertzeko modu onena baita, elkar entzutea».

gara-2021-10-11-Noticia

Entzulearen bidelagun izan nahi du Naiz Irratiak aurten, eta horretarako gogoz ekin dio hirugarren denboraldiari. “Informazioaren haria” albistegi zerbitzuak, “Musikharia” saioa eta arratsaldeko “Bigarren kafea” magazina dira programazioko ardatz nagusiak, baina eskaintza zabala da 7x24.

Goizeko zazpietan abiatzen da “Informazioaren haria” albistegi zerbitzuaren lehen edizioa eta haria ez da etengo eguna bukatu arte (lehen edizioa 7.00-10.00, bigarrena 12.00-14.00 eta hirugarrena 20.00-22.00; asteburuetan, 9.00-14.00)

Aurten ere, datuez harago ikasteko aukera emango dute asteroko zientzia solasaldiek. Beste arlo batzuetan ere abiatuko dira antzeko izaera pedagogikoa duten tertuliak.

NAIZ eta GARAren erredakzioaren sinesgarritasunaren eta profesionalen sostengua da albistegi zerbitzuen zutabe garrantzitsuenetakoa eta hala izaten jarraituko du, transmedia ereduan sakonduz.

Etxeko uztaren aldeko hautua

Musikarik gabe ezin da irratia ulertu, ez behintzat Naiz Irratia. Eta bere sorreratik ahalegin handia egin du bertako euskal sortzaileak bultzatzeko, bai hasi berriak direnak eta bai jada ibilbide bat badutenak. «Hori da gure berezitasuna, hasi berriei ere lekua egiten zaiela Naiz Irratian», dio Iker Gurrutxagak.

Aurten ere euskal musikarien taberna izaten jarraituko du Iker Gurrutxagaren “MusikHaria” saioak. (astelehenetik ostiralera 10.00-12.00). Kantuak dioen bezala, “Txarrenetik onena” ateratzen jakin du saioak, covid-19aren pandemiak erabat eraldatu baitu tartea: «Errespetuz eta mimoz tratatzen ditugu euskal musikarien lanak. Artista batek disko batekin pasatzen dituen ordu guztiak pasatuta, hori guztia ezin da 10 minututan kontatu». Horregatik, “MusikHarian” elkarrizketa sosegatuak egiten dira «taberna batean, kafe batekin» bezalakoak.

Kasu honetan ere transmedia ikuspegiak pisu nabarmena du, «musikari baten lanak, irratian hasi, eta naiz.eus-eko webera egiten du salto, eta hortik paperera, GARAra. Ez dut uste hori beste hedabideek eskaintzen dutenik», dio Gurrutxagak. Luxuzko hiru kolaboratzaile ere izango ditu aurten: Izkander Fernandez, “Mondo Sonoro” aldizkariko Iker Barbara eta Badok atariko Jon Eskisabel.

Bazkalostean, “Beste bat” saioek jarraituko dute (astelehenetik ostiralera, 15.00-16.00), euskal musikarien kantu kuttunak zein diren jakiteko tartea, eta 22.00etan musika saioen txanda izango da: astelehenetan, “Global Musik” (22.00-23.00) eta “Revolutionary Grooves” (23.00-00.00); asteazkenetan, “Sateliteak”; ostegunetan, “Reggae Fever”; eta ostiraletan, “Prest!”. Asteburuetan “Gramofonoa” (larunbata 09.30) eta “Kera Deia” (larunbat eta igandea, 15.00-16.00) saio monografikoen txanda izango da.

Entzulearen bidelagun

Zer du gustuko entzuleak? Zer kezkatzen du? Zeren inguruan nahi du jakin? Naiz Irratiaren iparrorratzak dira hiru galdera horiek. Herritarrak klima aldaketarekin eta krisi sozialarekin kezkatuak daudelako egiten da astelehenero “Gelditu makinak”. Eli Pagolak zuzendutako saioan kolaboratzaile dira Aranzadi, Goiener, Azti, eta BC3, besteak beste.

Bideo-jokoak tendentzia dira, eta gero eta handiagoa da komunitate birtuala. Euskara eta bideo jokoak uztartzen dituen Game Erauntsia elkarteak hamabostero egiten du saio homonimoa (asteartea, 19.00-20.00).

Hor dago ere “Bilynch”, Naiz Irratiko saiorik ganberroena. Zinemazaleen hilabeteko zita monografikoa da. «Zineaz jakin nahi ez duzun guztia» kontatuko dizute (hilabeteko bigarren igandea, 20.00)

«Bigarren kafea»

Hirugarren denboraldia abiatu du “Bigarren kafea” arratsaldeko magazinak (astelehenetik ostiralera, 16.00-18.00). 250 saioko langa bete berri, eta pandemiaren neurriak lasaitu direla aprobetxatuta, denboraldi honetan entzulea gertuago izateko asmoz mugitu egingo dira Tolosako estudioa atzean utzita. Victoria Eugenia antzokitik egin zuten saioa pasa den urriaren 6an Iker Laurobaren kontzertua aitzakiatzat hartuta. Azaroan Iruñeko Katakraken izanen dira, eta bisita egingo dute Irungo Gordailura ere.

Saio berri gehiago

Denboraldi berriarekin saio berriak ere heldu dira. Memoria historikoa hizpide izango duen podcasta, euskaldun berriei zuzendutako saio berezituak eta emakumeak protagonista izango dituen “Sideralak gara”, besteak beste, gehituko dira irratiaren parrillara.