Asier AIESTARAN
PILOTA

Asko gozatu, asko sufritu

Aspaldiko Urrutikoetxea onena 21-5 aurreratu zen, baina Jaka neurketari buelta emateko zorian izan zen.

URRUTIKOETXEA 22

JAKA 18


Mikel Urrutikoetxeak 22-18 menderatu zuen atzo Erik Jaka Tolosan, Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldia itxi zuen partidan. Neurketa arraroa izan zen, izan ere, Urrutikoetxea 21-5 aurreratu zen markagailuan, baina Jaka 21-18raino hurbildu zitzaion ostean, bizkaitarrak jada eskuan zuen garaipena zalantzan ipintzera iritsiz.

Paper gainean partida irekia ematen zuen atzokoak, pronostiko argirik gabekoa. Mikel Urrutikoetxeak oso ongi jokatu zuen final zortzirenetako kanporaketan Victorren aurka, baina errioxarrak ez zuen bere maila eman. Jakarentzat, aldiz, lehen partida zen atzokoa, iaz finalean eta 2019an finalerdietan sartu ostean. Eta lehen hiruzpalau tantoak bide horretatik joan ziren: piloteo azkarrak, pilotara jartzeko zailtasunak… Eta Erik Jaka 2-3 aurreratu zen.

Baina Urrutikoetxeak txokoan oso pilota zail batean punpa-lasterrean egindako tanto ikusgarri batek Zaratamokoaren partzial harrigarri bati hasiera eman zion. Bizkaitarrak 14 tanto egin zituen segidan eta 2-3ko horretatik 16-3ra alde egin zuen. Aspaldian ikusi ez genuen Urrutikoetxea ikusi genuen kantxa gainean: ongi sakatzen, airera erasokor joaten eta batez ere errematean asko asmatzen.

Mota guztietako tantoak egin zituen: gantxo bikainak oso urrunetik, horma-biko ederrak boleaz, txokoan dejadak… Sakearekin ere asmatu zuen –guztira lau tanto sartu zizkion Jakari lehen jokaldiarekin– eta piloteoan ez zuen inoiz kantxaren erdigunea galdu, jokoaren erritmoa berak markatuz. Zabalean egindako beste bi erremate ikusgarrirekin 21-5ekoa igoarazi zuen markagailura, eta azken sakea atera zuen, neurketa arazorik gabe amaitzeko prest.

Urrutiren sufrikarioa

Baina tanto horretan airez errematatzera joan zenean gaizki ipini zen pilotara Urrutikoetxea, eta Jakak sakea berreskuratu zuen. Eta partidaren kolorea erabat aldatu zen bat-batean.

Erik Jaka, partida galdutzat ikusita, asko arriskatzen hasi zen, ohikoa duen jokoa egiten, eta ordura arte atera ez zitzaizkion jokaldi guztiak atera zitzaizkion. Hasteko, sakearekin askoz gehiago behartu zuen Urrutikoetxea, eta ondoren lehen pilotakadan errematea bilatu zuen kale edo bale.

Markagailua apurka-apurka estutzen joan zen, eta Urrutikoetxea hasieran nahiko lasai ageri bazen ere, azkenerako nabarmen urduritu zen. Tartean pare bat atseden ere eskatu zituen bizkaitarrak, Jakaren jokoa moztu nahian, baina ez zuen jarioa eteterik lortzen.

Azkenean, Jaka 21-18 hurbildua zenean, lizartzarrak luzeegi atera zuen sakea, eta Urrutiren amorru oihuak ederki erakutsi zuen sufrimendua amaitzeak eman zion lasaitasuna.

«Mamuak agertu zaizkit»

«Oraindik ez naiz lasaitu, ahotsa ere joan zait», onartu zuen Urrutikoetxeak neurketa amaitu berritan. «Hasieran gustura jokatu dut, baina gero dena okertu zait. Errestoan ez nuen asmatzen, urduri jarri naiz eta orain gutxiko mamuak agertu zaizkit berriz ere. Azken urte eta erdian hori gertatzen zait. Tarteka ongi jokatzen dut, baina une batzuetan partidatik joan egiten naiz», gaineratu zuen. Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, garaipena beretzat izan zen eta Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du Labriten lehen jardunaldiko irabazleen arteko dema. «Txapeldun handia da, birritan irabazi du txapela, eta ea partida on bat egiten dugun jendea pozik geratzeko».

Erik Jaka, bere aldetik, gertatutakoa ulertu ezinik zen. «Sentsazioa daukat jokatu gabe noala etxera. Lehen erdian nik ongi jokatu ditudan tantoetan ere bera gainetik pasa zait, eta, gero, aldiz, alderantziz gertatu da», azaldu zuen aurrera begira jarri aurretik.A.A.