GARA
DONOSTIA

Mondragonek, Deustuk, EHUk eta Arantzazulab-ek ituna sinatu dute

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak hitzarmena sinatu du EHUrekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin, laborategiko ikerketak elkarlanean garatzeko helburuarekin.

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategi Arantzazulab-ek, eta EHUk, Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan elkarlanean «ikerketa kolaboratiboa» egiteko eta «ezagutza gune erreferente» bihurtzeko asmoz.

Arantzazulaben sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotzen du hitzarmenak, eta datozen urteetarako Arantzazulabek proposatzen duen gune berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen dio. Berrikuntza laborategiaren oinarrietako bat da lurraldeko unibertsitate ezberdinen elkarlana zein laborategian horien parte-hartzea sustatzea.

Azaldu zutenez, «hasieratik, modu berezian egon dira inplikatuta laborategiaren bilakaeran», hala nola, elkarlanean parte hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan nahiz jatorrizko diseinuan, eta mugarritzat har daitekeen gertaera izan zen hori. Gainera, egun, hiru unibertsitateek Arantzazulaben Aholku Batzordean ere parte hartzen dute modu iraunkorrean.

«Egun pozgarria da guretzat, lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dutelako, Arantzazulab-en ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere», azpimarratu zuen Naiara Goiak, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak.

Ildo berean mintzatu zen Agustin Erkizia, EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea. «Hitzarmen honen bidez beste urrats bat egiten dugu elkarren artean eraiki nahi dugun hausnarketarako espazio berri eta berritzaile honen sorreran», esan zuen.

Aldi berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, lankidetzak sortzen dituen aukerak nabarmendu zituen. «Arantzazulaben eta hiru unibertsitateen artean sinatutako hitzarmen honek aukera emango digu ikerketarako kolaborazio espazio berria eta berritzailea sortzeko».

Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, hau gaineratu zuen: «Elkarlanaren bitartez berrikuntza bultzatzea gure misioaren erdigunean jartzen dugun zeregina da. Horren adibide ederra da gaur sinatzen duguna».