Jon GARMENDIA
XILABA BERTSULARI TXAPELKETA

AMETS ARZALLUS SENDO, MADDI ANE TXOPERENA BIGARREN

MAULEN JOKATU ZEN ATZO XILABA TXAPELKETAKO LEHEN FINAL AITZINEKOA. AMETS ARZALLUS IZAN ZEN LEHENA, MADDI ANE TXOPERENA BIGARREN ETA AITOR SERVIER HIRUGARREN.

Makean, Muskildin, Hiriburun eta Gabadin sailkapeneko saioak egin ondoan, Maulen jokatu zen atzo Xilaba txapelketako lehen final aitzinekoa. Halakoetan emaitzari behatzen zaio, eta alde horretarik ez zen ezustekorik izan, Amets Arzallus Antia dagoen saioan bigarren nor geldituko den izaten baita anitzen pentsamendua, nahiz eta jakin bertsoa ez dela matematika edo zientzia zehatza.

Hendaiarrak duen abilezia ukaezina da, eta atzokoan ere, bere barrunbeetan sortzen diren ideiei joskera emanda kanporatzeko talentua erakutsi zuen aldi oro. Maddi Ane Txoperena, bigarrena, dotore jardun zen, eta hori ere ez da albiste berria, prosan aritzeko abilidadeak sarri agertu baditu ere bat-bateko sorkuntzan aritzeko dohainak geroz eta maizago eskaintzen baititu kantuan.

Aitor Servier izan zen hirugarren, zuzen eta ondo beti, ofizioei heltzeko gogoz, adibide gisa Kerman Diezekin egindako hamarreko txikiko zati bat dakarkigu: Homosexualak dira biak, gazteei zuzendutako agerkarian haien kasua aipatzera gonbidatuak, Kermanek anonimotasunetik nahi du egin, Aitorrek ez dio zentzurik ikusten. Kerman hasi zen. «A ze aukera ona, ai Aitor maitea/ nik ere nire hitza nahi dut ematea/ sufritua baitugu: bazterra, kaltea/ eman nahi dut bizipen jakintza, katea/ baina atxiki nahi dut intimitatea». «Gure intimitatea ez daiteke bortxa/ libre sentitzen bada gutako bakotxa/ lekukotasuna da hitzetan zorrotza/ Aitor Servier izenez sinatu dut ontsa/ ez dezaten izan nik izan nuen lotsa». «Sarri gu izkutuan ta kuku gordeka/ noiz ahoa ireki ta noiz desoreka/ egin nahi nuke baina, naiz kezkaz beteta/ hemen garrantzitsua beldurrak gordeta/ izena beharrean izana da eta». «Izen eta izanez aze banantzea/ Kerman gainditzen goaz gure oinazea/ helburu dugu haurrek, denak, oldartzea/ haiek ikus dezaten zer den ausartzea/ ez al duzu ba izen faltsu bat jartzea?.» Bi gazte, publikoan, hain lasaiki, pribatuak diren kontuez kantuan entzuteak poz ematen du.

Lurralde berrietan

Maddi Sarasua izan zen laugarrena, eta lurralde berrietan ari den sentsazioa uzten du bertsoaldi bakoitzean; ikusgarritasuna galtzen du beharbada, ez dio bukaerari garrantzia ematen agian, baina beti du zentzu bat kantatzen duen bertso bakoitzak. Karlos Aizpurua, beteranoa bai, baina gazteekin aritzeko modukoa beti; aspaldi aritu gabea txapelketan, baina ofizioa agertu egiten du aldi oro, atzokoan, baina, paper zailak tokatu zitzaizkion, bertsoak hori ere baduelako, gaia ematen dizutenean batek errazago defendatzeko rola du, eta bestearena ez da hain samurra. Adibide bezala, Maddi Anerekin egokitu zitzaiona zortziko txikian, hondartza handi batean zeuden biak, eta Karlos hurbilegi jarria zen.

Kerman Diazek itxi zuen seikotearen puntuaketa, norbaitek itxi behar baitu, baina bere kantaerak erakusten du ez dituela postu horiek beteko luzaroan.

Egoera sanitarioaren eragina nabaritu zen finalerdian, zinema betetzeko zailtasuna ekarri baitzuen, eta bertso saioa beroa izan ez bazen ere, gogoan hartzeko aleak izan ziren, horra pindar batzuk. Puntuei erantzuten Ametsek Ziburun gertatu berri diren migranteen heriotzak ekarri zituen plazara, eta momentu sentikor bati ireki zion atea. Horrela zioen lehen puntuak: Marra margotua da gainditu ezina… «ta zenbat jendek hartzen duen marran mina/ berdin du euskalduna edo etorkina/ beti izanen dugu gainditzeko grina».

Bigarrenak horrela zioen: Oztopoa ez al da gure buruetan? «ta gehiegi finkatu ohi gara mugetan/ bideak zabaldu nahi guk inguruetan/ geure baitan trabatu ohi gara dudetan».

Maddi Anek polit eutsi zion gai horri kartzelakoan ere. Hilabetez muga itxita ikusia zuen, anitzek alkohola eta tabakoa erosteko zailtasunak ikusten zituzten, baina bera urrunago zihoan kezka horretan, Horra bere bertsoak: «Zurien kezkak izaten dira tabakoa, minbizia/ ta gureari deitzen diote soilik migrante krisia/ mugak itxita izan dituzte eta aze malizia/ Bidasoatik edo nonahitik, aze ezin iritsia/ bostek pasatu genuen muga nahiz ta zegoen itxia/ aitzinean zen trenbidea ta gibeletik polizia». «Bai ni bizirik atera nintzen onena didate opa/ baina polizi batzuen aurrean oraindik luze da soka/ bertzela ere jasanen ditut mila zapalkuntza mota/ Parisera joan, lana lortzea, izanen baitut erronka/ nahiz ta batzuek egiten duten gure alde ere borroka/ erranen dute guztientzako eraiki zela Europa».