Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Anna Tyborrek jaitsiera historikoa egin du Manasluko aldatsetan

Alpinista poloniarra zortzimilako ezaguna eskiekin jaisten munduko lehendabiziko emakumezkoa bihurtu da. Irailaren 29an gailurra lortu eta gero, gaua laugarrengo kanpalekuan igaro zuen. Ez du oxigeno gehigarririk erabili jarduera osatzeko.

Azken hilabetean Manaslu mendia (8.163 m) informazio iturri bihurtu da. Benetako gailurraren gaineko eztabaidari Rustam Nabiev errusiarraren jarduera azpimarragarria gehitu zitzaion. Eta hori gutxi ez, eta zortzigarren zortzimilako garaienean Anna Tyborrek jaitsiera historikoa egin berri du.

Irailaren azken egunetan, alpinista eta eskiatzaile poloniarra Manaslu eskiekin jaisteko gai izan zen. Horrenbestez, balentria hori egiten munduko lehen emakumezkoa bihurtu da.

Tybor Andrzej Bargielen jarraitzaile sutsua da, eta, eskian duen eskarmentu handiari esker, bere herrikidearen urratsak jarraitzen ari da. Duela zazpi urte, Bargielek jarduera bera egin zuen. Joan den irailaren 29an, berriz, Tyborrek Manaslun eskiekin egindako lehen jaitsiera femeninoa sinatu zuen.

Alabaina, ez zen zuzenean jaitsi; izan ere, gaua laugarren kanpalekuan igaro zuen. Biharamunean, berriz, jarduera biribildu eta kanpaleku nagusira heldu zen.

Protagonista poloniarrak aurreratu du igoeran Marco Majori eta Federico Sechhi italiarrak ondoan izan zituela. Tontorra lortzeko ez zuen eragozpenik izan, eta, gehitu du igoera eta jaitsiera osoan zehar ez zuela oxigeno artifizialik erabili.

Estilo ona

Egiari zor, Tyborrek urrats azpimarragarria egin du bere modalitatean Manaslu eskiekin jaitsita. Eta hori diogu soil-soilik bi neska saiatu direlako aktibitate hori egiten: Emma Jack britainiarra eta Tybor bera.

Britainiarrak 2009. urtean ekinaldia egin zuen. Eskiak ez zituen Manasluko tontorrean jarri, baizik eta 8.148 metroko kotan. Horri gehitu behar zaio 350 metroko izotz murru batean (6.250 eta 5.900 metroen artean) eskiak kendu zituela. Eta, gainera, britaniarrak oxigeno gehigarria erabili zuen.

Poloniarrak tontorra nahiko berandu lortu zuen. Irailaren 29an, gainera, eguraldiaren baldintzak aldatu egin ziren. Bezperan, laugarren kanpalekuan (7.450 m) igaro zuen gaua. Puntu horretatik aurrera eskalada oso motela izan zen, eta, ondorioz, gailurrera arratsaldeko hiruretan iritsi zen. Denbora galdu gabe, jaitsierari ekin zion. Gaua gainean zuen. Hori dela eta, laugarren kanpalekuan etena egin zuen. Azpimarratzekoa da Tyborrek jaitsiera osoan ez zituela eskiak kendu. Horrek jarduerari plus bat eman dio.